«Neri ere ez zidaten umea erakutsi, eta horrek piztu dit zalantza»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 15a, 02:00

1978an izan zuen haurra ‘Maria Luisa’k Donostiako Erresidentzian. Jaio eta 25 egunetara hil egin zela esan zioten, eta hala pentsatu izan du pasa diren 33 urteetan. Orain ordea, zalantza du, eta hori argitzeko pausoak ematen ari da.

«Lapurtutako haurrak hildako bezala apuntatzen zituzten hildakoen erregistroan; ondoren, beste guraso batzuk izan balute bezala apuntatzen zituzten jaioberrien zerrendan, identitate be­rriarekin», hori zen 1950­ eta 1980 urte bitartean, haur lapurtuen kasuetan gehien erabili zen teknika; hala azaldu du Anadir Elkarteak (Aso­cia­cion Nacional de Afectados por Adopciones irregulares). Elkar­teak azaldu duenez, «geroz eta gehiago dira umea lapurtu zie­te­naren susmoa dutenak, eta on­dorioz, salaketa egin dutenak». Hernanin, Maria Luisa da (ide­n­titate fiktizioa, berak hala eskatuta) horietako bat. Elkar­tearekin bat egin zuen Maria Luisak urte hasieran, eta orain arte emandako pauso guztiak azaldu dizkio Kro­nikari. Helburua da Hernanin egoera berean egon litezkeen besteak animatzea, berak emandako pausoak ematera.

«Umea jaio, eta 25 egunetara hil egin zela esan zidaten»
Sekula ez zitzaion burutik pasa 1978ko urrian jaio zen semea hilda ez zegoenik. Urtarriletik aurrera ordea, zalantzak izaten hasi zen. Komunikabide guztietan la­purtutako haurren gaia puri-purian zegoen, eta kontatzen zituzten esperientziak eta berak bizitutakoak antza haundia zuten. Maria Luisak orain 33 urte izan zuen haurra Donostiako Erre­sidentzian. Umea zazpi hilabeterekin jaio zen, eta pisua har­tu bitartean, bertan geratuko zela esan zioten. 25 egun inguru egin behar zituen Erresiden­tzian, eta Maria Luisa egunero joaten zen esnea ematera. Egun batean ordea, telefonoz, hil egin zela esan zioten: «aste hasiera zen, eta ohi bezala, esnea ematera joan nintzen. Pisua ondo har­tzen ari zela esan zidaten, eta aste horretan bertan, ostegunean edo, etxera eramatea izango nuela esan zidaten. Hurrengo egunean ordea, telefonoz deitu, eta hil egin zela esan zidaten; esnea kontrako eztarrira joan, eta itota hil zela esan zidaten».

«Kajan ekarri zidaten, Hernaniko kanpusantura»
Lapurtutako haurren ia kasu guztietan bezala, Maria Lui­sa­ri ez zioten umea hilda ikusten utzi. Hiru egunez, Erre­si­dentzian eduki zuten, eta on­do­ren, kajan, prezintatuta, Her­naniko kanpusantura eka­­rri zioten: «umea ikusten utzi ez izanak piztu zidan za­lan­tza. Beste kasuak en­tzun nituenean, segituan pentsatu nuen: nik ere ez nuen ba ikusi; eta zalantza barruraino sartu zitzaidan. Trau­matikoa izango zela esan eta, ez neri, ez senarrari, ez nere amari, ez inorri ez ziguten utzi. Bertan uzteko eskatu ziguten, inbestigatzeko. Han­dik egun gu­txira funerariara joateko deitu zidaten, han datuak emanda zeudela eta, egin beharreko tramiteak egin, eta beraiek ekarriko zutela Hernaniko kanpusantura. Kaja prezintatuta ekarri zuten, eta hala enterratu genuen».

«Nire eta umearen historial klinikoa desagertu egin dira»
ANADIR elkartearekin ha­rremanetan jarri bezain pronto, Maria Luisa aurreneko pausoak ematen hasi zen. Lehendabizi umearen herio­tza-ziurtagiria eskatzera joan zen. Epaitegian eta funerarian eskatu zituen, eta horiek eskuratu zituen. Komeriak, handik aurrera hasi ziren: «ondorengo pausoa historial klinikoa eskatzea izan zen. Eskatu eta egun batzutara ematekoak ziren, baina ez zen hala izan. Garai hartako nere eta umearen historialik ez ze­goela esan zidaten; eta are ge­hiago, esan zidaten, umea ez zela ez Erre­si­den­tzian jaio ezta Erre­sidentzian hil ere. Haurdunal­dian, arazo batzuk medio ere egon nintzen Erresi­den­tzian, eta orduko historiala ere desagertua zegoen. Hau da, umearena, eta nik umearekin izan nezakeen zerikusi guztia desagertarazi zuten. Elkartetik esan didatenez, bere garaian gauzak ´ondo` egin bazituzten, urte horretan gertatutako guztia desagertarazten dute». Maria Luisak emandako hu­rrengo pausoa ADN proba egitea izan zen. Irunen egin zuen, horretarako espezializatua da­goen farmazia batean. Hilabete amaieran, ADN hori orain arte proba egin duten guztienarekin konparatuko du­te. Kointzi­dentziaren bat egongo balitz, bere umea izango li­tzateke. Eta azalduko ez balitz, gainon­tzekoekin batera, ADN bankuan gordeko litzateke, ADN berdin bat agertu arte. «Fiskalak kanpusantuko nitxoa irekitzeko baimena eman zain gaude» Azken pausoa fiskalari nitxoa irekitzeko baimena eskatzea izan da. Maria Luisak azaldu duenez, idatzi bat egin dute gertatu zitzaiona azalduz, eta nitxoa irekitzeko baimena eskatuz. Hori emandakoan, bertan topatzen denarekin argituko da zalantzarik haundiena.

Gipuzkoan 280 pertsonek egin dute salaketa; EAEn 500 pertsonek
ANADIR elkarteak jakinarazi duenez, momentuz, Gipuz­koan 280 pertsonek egin dute salaketa; eta EAEn (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) 500 dira kaltetuak. Gipuzkoari erreparatuz gero, kasuak bertako 20 ospitaletan eman di­rela gaineratu dute: «Gipuz­koako kasu gehienak Donos­tiako Erresidentzikoak dira, eta ondoren, Probintziako Ospita­lekoak (egungo Do­nostia Ospitalea). Gainon­tzeko ospital batzuk desagertu dira, eta beste batzuk jarraitzen dute: Atego­rrietako Maternidad 18 de julio, Militarren ospitalea, Tolosako San Cosme, San Damian eta Asuncion klinika... Elkarteak azaldu duenez, kalkulatzen da Estatuan 300.000 haur lapurtu zituztela, gurasoei hil egin zirela esanda.

Anadir elkartea

Kontakturako:
Telefonoz:
636 70 72 47
667 53 66 74
Emailez:
anadirnorte@gmail.com
paisvasco@anadir.es
Internetez:
www.anadir.es
www.facebook.com/anadir

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!