Hernani gaur hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa jokatzen. Iaz txapeldunorde geratuta, finalzortzirenetan hasiko da eta Arrasate izango du, aurrez aurre. Kanporaketa bi partidutara jokatuko da eta etxetik kanpo hasiko dira hernaniarrak. Hernaniarrak faborito dira eta Arrasateri irabaziko diotela aurreikusten da. Norgehiagokak 19:45etatik aurrera jokatuko dira Arrasateko pelotalekuan.
Kadete eta seniorretan, parekatua; jubeniletan, faborito
Kadeteetan, Altuna anaiek jokatuko dute eta partidu parekatua espero da. Bikote hernaniarra oso ondo ari da azken aldian eta nerbioei eusten badiete, irabazteko aukera dute.
Jubeniletan, Lujanbio eta Murgiondok jokatuko dute eta faborito dira. Ohi bezala jokatzen badute, ez dute inongo arazorik izango irabazteko.
Seniorretan, berriz, 3 baja daude. Ojuel, Arrieta eta Oiagak ezin dute jokatu eta aurrelari gisa, Aizpitarte atzelariak jokatuko du Gorrotxategirekin. Norgehiagoka parekatua espero da. Aurkari, Bolinaga izango dute, maila horretako atzelaririk onenetakoa. Dena dela, hernaniarrek ohiko maila ematen badute, irabazteko aukera haundiak dituzte.
6-8 talde, txapelketa
irabazteko aukeran
Aurtengo Herriartekoa oso parekatua dago eta 6-8 taldek dute txapelketa irabazteko aukera; tartean, Hernanik.