Antziolan, haurtzaindegiaren aurrean eta atletismo pista ondoan dagoen lur eremuan, 53 etxebizitza dotazional egingo dituzte gazteentzako. Lanak, sei hilabeteko tartean hasiko dira eta gehienez, bi urteko epea izango dute bukatzeko. Hala erabaki zuen atzo Tokiko Gobernu Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak aurkeztutako lizentzia eskaera onartuta.
Oinarrizko
apartamentu txikiak
Etxebizitza dotazionalak ikasle-erresidentzia modukoak dira. Oso oinarrizko apartamentu txikiak dira; Hernaniko kasuan, 40-60 m2 ingurukoak izango dira. Gela pribatuak izango dituzte, baina zenbait instalazio eta zerbitzu denek erabiltzeko izango dituzte, etxebizitzaren beheko pisuan. Besteak beste: garbiketa gela, zehaztu gabeko erabilera duen gela bat, bizikletak gordetzeko lekua eta garajea. Etxebizitza horiek, terraza ere izango dute. 53 etxebizitza horietatik, 41 logela bakarrekoak izango dira, 2 egokitutako logela dutenak eta 10 bi logelatakoak.
Merkeak eta txandakakoak
Etxebizitza mota horiek, beste bi ezaugarri berezi ere izango dituzte. Alde batetik, alokairu merkekoak izango dira eta bestetik, txandakakoak (rotatiboak). Kontratua urtero berritzeko aukera izango da; gehienez, bost urtez. Jaurlaritzaren esanetan ekonomikoki baliabide askorik ez duten gazteei zuzenduko zaizkie etxebizitza horiek, eta alokairuaren kostua gaztearen irabazien araberakoa izango da. Soldata igotzen doan heinean alokairua ere igo egingo da.
Halako etxebizitza batean sartzeko oinarrizko baldintza da, erregimen bereziko Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta zuzkidura-bizilekuak (etxebizitza dotazionalak) alokatzeko araudia betetzea: urteko soldata 3.000 eta 35.000 euro artekoa izatea, eta beste etxerik ez izatea.