Artea egiteko mila aukera izan litezke, eta norberak berea daukala esaten dutenak ere badira. Atzo, gusto guztietarako aukera bazen Atsegindegin, Hernaniko eta inguruetako artistek erakusketa jarri baitzuten: Arte Azoka, hain zuzen ere. Pintura, eskultura, marrazki, eskulan, koadro eta abar jarri zituzten bakoitzak bere postuan, eta argazki-postuek ere dezenteko garrantzia izan zuten.
Saldu, zerbait bai
«-Jendeak erosten al du?», «-Nik goizean saldu det koadro bat, Santa Barbarako ermitarena». Maria Isabel Alvarez hernaniarrak saldu zuen zerbait, baina gehienek bezala, asmoa ez zen saltzea, edo saltzea bakarrik; bere lana jendeari erakustea baizik. Iker Valle, Gotzon Huegun, Aitor Ruiz de Egino, Marisol Yaben, Marisol Agirre, Xabier Arnaiz, Sofia Arostegi... jendearen gustoa egiteko moduko koadrila bildu zen atzo, Atsegindegin.