88 neska-mutil Hernanin, lehenengo jaunartzea egitera

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 7a, 02:00

BIGARREN Sakramentua jasoko dute maiatzean zehar, Hernaniko 88 neska-mutilek: jaunartzea egingo dute. Bakoitzak gertuen sentitzen duen eliza edo parrokian hartuko du aurreneko aldiz bigarren sakramentua, eta ondorioz, komunioak, maia­tzaren 22ra bitartean izango dira. Aurreneko jaunartzeak, gaur eta bihar egingo dira, San Joan Bataiatzailearen parroki elizan: 65 neska-mutil bilduko dira. Horietatik 11k, gaur egingo dute, elizkizunari berari garrantzia emanez. Badira urteak Hernanin komunioa larunbatetan egiteko aukera dagoela, eta Konsuelo Aierbe katekisten arduradunak azaldu duenez, hauek, ospakizun xumeagoa nahi izaten dute, horregatik ematen zaie aukera hori. Haur gehienek bihar egingo dute jaunartzea; 54ek hain zuzen. Biharko ospakizuna ezberdina izango da, jaunartzea bera izango da elizkizun nagusiko ardatza. Gainontzeko haurrek, Floridan eta Ereñotzuko elizetan egingo dute jaunartzea. Floridako San Jose Langilean datorren asteburuan egingo dute, 19 neska-mutilek. Eta aurten azkenak, Ereñotzukoak izango dira. Kasu honetan 4k egingo dute, San Antonio elizan, maiatzaren 22an.

Hiru urtetan jaso dute katekesia: aurrenekoa etxean, eta beste biak gainontzeko umeekin
Jaunartzea egiteko, haurrak, 6 urtetatik hasten dira katekesia jasotzen. Aurreneko urtean etxean jasotzen dute, gurasoengandik. Gurasoak hilabetero biltzen dira katekista arduradunekin, eta seme-alabei transmititu beharrekoa jasotzen dute. Aurreneko urtean Jainkoa da figura nagusia, eta Aierbek azaldu duenez, «Jainkoak gure bizitzan duen garrantzia jasotzen dute umeek». Komunio aurreko bi urteetan, gainontzeko umeekin jasotzen dute katekesia. Bigarren mailako umeek Jesus ezagutzen dute urte honetan; eta hirugarren mailakoek Jesus gogoratzen dute, eta hastapeneko bi sakramentuak ezagutzen dituzte: barkamena edo adiskidetzea, eta meza. Bi urte hauetan igandeetan jasotzen dute katekesia. Gurasoei dagokienez, hauek ere biltzen jarraitzen dute; umeei katekesian erakusten zaiena transmititzen diete gurasoei ere. Hala, etxera iristerakoan, umeekin egun horretan jasotakoa sendotzen dute. Bien katekesiak bukatuta, igandeko elizkizunera joaten dira ume zein gurasoak, meza entzutera. Konsuelo Aierberen ustez, gurasoen figura ezinbestekoa da, eta transmisioa etxean eman behar da: «gure garaian hastapena etxean jasotzen zen; eta gure ustez, hala izan behar du. Umeentzako garrantzitsuena gurasoengandik jaso­tzen dutena da, eta horregatik ematen diogu garrantzi berezia familiari. Familien aldeko apostu hori egin dugu, eta orokorrean, guztiok gustura gaudela esan dezakegu».

Katekistak, komunioa egingo duten umeen gurasoak izaten dira
Urte bakoitzean, 10 katekista inguru arduratzen dira katekesiak emateaz. Aierbek azaldutakoaren arabera, katekesia hasten den momentutik, ume horien gurasoak jakiten dute beraietako batek eman beharko duela: «katekista bakoitzak 10 umeren ardura izaten du, eta normalean ez da arazorik izaten; nahikoa boluntario izaten dira».

Hernanin, jaiotzen diren haurren %50-60a bataiatzen da
Jaunartzea jasotzen duten umeen kopurua jaitsi egin da azken urteetan, eta Aierberen ustez, gizartearen sekularizazioaren ondorioz da: «gizartean erlijioek eta hauen inguruko instituzioek geroz eta eragin gutxiago dute, eta ondorioz, komunioak jaitsi egin dira. Hemen esaterako, jaunartzeak eta gainontzeko sakramentuak gutxitu egin dira». Hernaniko datuei erreparatuz gero, egun, jaiotzen diren umeen %50-60a bataiatzen da. Eta horietatik, %60a hasten da katekesia jaso­tzen. Hala ere, katekisten arduradunak dio, ume pila dagoela: «ni orain 21 urte inguru hasi nintzen katekesia ematen, eta orduan eta gaur egun dagoen ume kopurua antzekoa da. 100 ume inguruk hartzen dute jaunartzea urtero. Aurten esaterako 88 dira, eta datorren urtean 100 inguru izango direla aurreikusten dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!