Erdi Aroan Hernani eta hernaniarren bizimodua nolakoak ziren ezagutzeko bidea eskuragarri jarri dute Victor Herrero eta Montse Fernandezek Fuentes Medievales del Archivo Municipal de Hernani (1379-1527) izeneko liburuan. Urte horien artean Hernaniko Udal Artxiboan zeuden dokumentu guztiak bildu eta horiek ulertzeko moduan herritarrei ematea izan da bi egileek egin duten lana. Egileek azaldu zuten, garai hartan, egunerokotasunean hernaniarrak nola bizi ziren ezagutzeko aukera ematen duela lan horrek, eta horregatik dela, batez ere, erakargarria. Udal Artxiboan zegoen garai hartako lehenengo idatzia 1379koa da. Bertan azaltzen da Hernani hiribilduak San Sebastian hiribilduaren barruan sartzea erabaki zuela, Urumea bailaran sortzen ziren liskarrak kontrolatzeko. Aurreko dokumenturik ez dute aurkitu artxiboan, historian gertatutako gatazkek eragindako suteak tarteko.
Zazpi urtez luzatu
Liburuan, berez, 1520ra arteko dokumentuak bildu behar zituztela ere azaldu zuten, baina zazpi urtez luzatzea erabaki zutela, 1527an, alkabala zerga-ordaintzaileen lehenengo errolda azaltzen zelako. Alkabala, gaur egungo BEZa (IVA) bezala zen. «Garrantzitsua iruditu zitzaigun errolda horren berri ematea. Bertan azaltzen dira 300 bat bizilagunen izenak eta bakoitzak zer saldu edo erosi zuen eta zenbat ordaindu zuen».
Liburu hau, Eusko Ikaskuntzak argitaratu du, Euskal Herriko Erdi Aroko dokumentuen bildumaren barruan. Bilduma horren azken alea da Hernaniri dagokiona; 142garrena, hain zuzen. Rosa Ayerbe bildumaren zuzendaria eta Idurre Lucas kultura zinegotzia liburuaren aurkezpenean izan ziren herenegun eta biek lanaren garrantzia azpimarratu zuten «gure historiara gehiago hurbiltzen laguntzen duelako».