«Atez Ateko zabor bilketa sistema kenduko dugu eta 5garren kontenedorearen aldeko apustu zehatza eta garbia egingo dugu. Orain ez bezala, herritarrak izango dira erabakiko dutenak, zein zabor bilketa sistema nahi duten. Hori maiatzaren 22an erabakiko dute. Ezker Abertzaleak eta Ezker Batuak ukatu digutena erabakiko dugu», azaldu zuen atzo Iñaki Arratibel Hernaniko Hamaikabat alderdiko alkategaiak.
Zabor bilketaz gain, Hamaikabaten Udal programak beste 6 puntu biltzen ditu eta horien artean Arratibelek nabarmendu zuen, gardentasuna: «Gardentasun osoz jokatuko dugu. Udaleko kontuen berri emateko prozedura bat onartuko dugu eta zinegotzi, bizilagun eta auzo elkarteek udal informazio guztia beraien eskuetan izango dute». Gaineratu zuen, Garbitania Zero Zabor SM enpresari auditoria orokor bat egingo zaiola.
Florida, hobetu
Hirigintzari dagokionean, auzoak berritzearen alde egingo dutela lan azaldu zuen alkategaiak: «batez ere, Florida. Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairuan jartzea ere bultzatuko dugu». Mugikortasun Plana ere izan zuen hizketagai eta plana berriro aztertuko dute, «Karabel-Portu auzoetatik kotxeak ez pasatzeko eta Florida-Etxeberri auzoan gaineko pasabidea egiteko».
Kulturgintzari lotuta, Urbietan egingo den kultur gunea ez dutela mega proiektua izaterik nahi azaldu zuen, baizik «errealista».
Udalak egindako kontratazioei begira, argi utzi zuen publizitaterik gabeko kontratazioak ez dituztela onartuko.
Ongintzan, berriz, adinekoen udal kontseilua sortu nahi du Hamaikabatek eta etxez etxeko laguntza hobetu.
Aurkezpenean, Joxean Rekondo Hernaniko alkate ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Hamaikabateko bozeramailea izan zen eta argitu nahi izan zuen, H1! alderdi berria izan arren, beraiek lehengoak direla; «betikoak». «EAk zituen oinarri fundazionalak mantentzen jarraituko dugu».