Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen herenegun Bildu koalizioaren zerrenda guztiak, Hernanikoa barne. 61eko aretoko 16 epaileen artetik, 9k ilegalizatzearen alde bozkatu zuten eta 6k aurka; epaileetako bat zerrenda batzuk ontzat jotzearen alde agertu zen. Hori horrela, ilegalizazioaren aurka, kontzentrazioa izango da gaur 20:00etan udaletxe aurrean: Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez.
«Epaia, juridikoki onartezina»
Gorenaren epaia, «juridikoki onartezina» dela salatu zuen atzo Bilduk prentsaurrean eta agerian geratu dela «botere banaketaren gezurra». Horren aurrean, jakinarazi zuen, orain arte jarraitutako bideari eutsiko diola, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko duela eta azken honek Gorenaren epaiaren alde egingo balu, Europara joko lukeela. Ziur dago Europar Batasunak ez duela onartuko «PSOE eta PPk adostutako gehiegikeria demokratikorik».
Bilduk gaur du azken eguna Konstituzionalean helegitea aurkezteko, eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia, hauteskunde kanpaina ostiralean hasiko baita.
Bildu lanean ari da iniziatiba ezberdinetan egoerari aurre egiteko eta prest azaldu da alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialekin elkarlanerako. Herritarrei ere euren babesa agertzeko deia luzatu die. Bide horretan, koalizioak uste du, erantzuna herritarrek gidatu behar dutela, Bilduk beharrean.