«Gero eta gehiago kostatzen da nik zer egiten det hemen? galderari erantzutea»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 1a, 02:00

ZORTZIKO HAUNDIA


Zenbat dauka Zelaia bertsolariak Iñakitik?
Ez dek transformazio bat egoten bertsotako Zelaiatik eguneroko Iñakira. Bi fazetetan eza­gutzen nautenek uste diat hori badakitela. Hala ere, de­nok dakigu, bertsotan, segun ze planteamendu, kokatu egin behar izaten dela eta, ustez behintzat, saiatzen gaituk, geran bezelako moldean azaltzen.

Eta esan nahi dekena esatea lortzen ez dekenean, zer senti­-tzen dek? Frustrazioa.

Azkenean, bertsolari guztion helburua nik uste hori dela, ez?
Burura etortzen zaiken hori adieraztea. Nor­malean, lortzen ez degunean, izaten da ez degulako asma­tzen, baina noizbait gerta daiteke egoera ikusita, ez ausartzea ere. Baina bueno, normalean gaur egun, pentsatzen deguna gutxi edo gehiago esateko problemarik ez daukagu.

Hernanin badago gairik horri buruz kantatzen ausartuko ez hintzatekeenik? Ez det uste. Ez bada lau per­­­­-tsona konkreturen aurrean, erreparoa emango lidakeena…

Baina plaza ireki batean? Ez, ez. Printzipioz ez.

Nolako bertsolaria da Zelaia? Zein ezaugarri dauzka? Txikitatik nere burua kokatu izan diat erantzuneko bertsolari bezela. Sakontzeko bertsolaria baino gehiago, dialektikan sartzekoa eta erantzunekoa. Kakotx artean, (eskatu baditu, jarri egingo dizkiogu) ´arineko bertsolaria` esango nikek nik. Ni beti izan nauk zapla, lehenengo okurritutakoa botatzekoa, nahiz eta gero batzuetan damutu, baina… kar, kar, kar.

Baina orduan, ez dek erreparo haundi samarra izango gai ba­-tzuen gainean kantatzeko? Gai hori landuta ez badaukak… Lehenengo okurritzen zaikena kantatzeak ez dik esan nahi gai hori landuta ez daukakenik. Orain; aurretik landutako gai horri erantzuna eman diezaiokek azkar, edo denbora gehiago hartu eta bigarren buelta bat bilatzen saiatuta. Ezin dik gertatu gai bat jarri eta ´zer da hori?` galdetzea gai jartzaileari.

Azken Euskal Herriko Txa­pelketa Nagusiko emaitza zeren ondorio dek? Egoskorkeriarena? Ba… urte pila bateko egoskorkeriaren ondorio, baina ez bereziki ezer egin degulako txa­pelketa honetan. Eta baita ere, lasaitasunaren ondorio. Adinean aurrera goazela, gero eta gehiago sinesten dek horrek ez duela bizitza aldatuko. Nahiz eta munduko emaitzarik onena lortu, badakik hor bukatuko dela eta kitto.

Zergatik ez daukak hire maila an­tzekoa eman duten beste batzuek adina aukera plazetan? Hor ere gauza asko zeudek, baina gauza bat dek txapelketa eta bestea da plazetako bertsolari izatea. Txapelketan ondo egin arren, beste dohain batzuk izan behar dituk plazan ibiltzeko. Nik bazekiat, nere kantaeragatik, plazetarako oso erakargarria ez dela ni koadrila batean sar­tzea. Hori aspalditik asumitua daukat. Aurten, banekiken on­dorioa zein izango zen, lehendik ezagutua detelako. Lehen ere, Gipuzkoako finalean egon nintzen (1995), Euskal Herri­koan bederatzigarren (1997) ere egon nintzen… eta emaitza izan da, berdina. Baina ni ez nau sorpresaz harrapatu. Ni ez.

Eta desilusio txikirik hartzen dek horrekin? Ya ez.

Horrek esan nahi dik lehen hartua haizela orduan… Lehendabiziko garai hartan bai. Haundia ez, baina dozena erdi bat saio espero nituen. Aurten, hiru lau saio aterata, alderantziz esango nikek: desilusioa baino gehiago, hori ezagututa nola den, poxa ematen dik dei bat edo beste izateak. Baina alde horretatik, hori oso-oso asumituta dago eta gaur egun, asumituta bakarrik ez, nere bizitzak ez likek onartuko momentu honetan.


ZORTZIKO TXIKIA


Esan didate, Van Goghenaren ondoren, belarririk famatuena Zelaiarena dela… Hori piropo bat dek, ez? Jende askok entzuten nauen seinale! Txikitan gelakideek barre egiten zidaten oso belarri txarra nuelako eta irakasle batek ere esan izan dit: ´hik ez daukak zer eginik bertsotan.` Hala ere, esan behar det, irakasle berak eta beste askok lagundu zidatela 40 doinu kantatzeko mo­duan ikasten.

Medikuak bertsoadiktoa haizela diagnostikatu zikenetik, zer moduz bizi haiz? Bertsoadiktoa izatea, oraindik behintzat, medikuak ez zidak esan txarra denik. Hala ere, hori, nik uste diat, exagerazioa ere badela. Ni ez naiz mugitu hemendik Beasainera saio bat entzutera. Hala ere, ez diat uste gaitz larria denik.

Bi afizio nagusi dauzkak hik… Bat kendu behar eta, zein kenduko hukek lehenago: bertsoa ala sagardoa? Baina hori zaila dek! Bata bestearekin lotuta ziak! Kar, kar, kar… Sagardoa gustatu egiten zaigu, baina dudarik gabe, sagardoa utziko genuke lehenengo.

Errazegi jarri diat. Bertsoa edo oxigenoa galdetu behar nian! Kar, kar, kar… gauzak ez di­tuk hain traszendentalak. Mo­mentuan momentuko egoe­ra baina…

Inoiz gelditu al haiz erantzunik gabe? Bai.

Eta bertsotan? Kar, kar, kar… Bai, bai. Isilik ez, baina fundamentuzko erantzunik gabe askotan.

Bertsolari batek derrigor ezagutu beharreko hitzak dira usu, afrusa, inarrosi eta mukuru? Erdiek zer esan nahi duten ez zekiat, orduan nere burua ezin diat bertsolaritzat hartu. Zer esan nahi duten jakitea ondo ziok kantu lagunak sartzen baditu, baina horietatik, agian, apururen batean usu sartuko nian noizbait, baina ez. Iparraldeko batek sartzea normala iruditzen zaidak, baina gu horrelakoak sartzen hastea, iruditzen zaidak, antinaturala.


HAMARREKO TXIKIA


Bertsolaritza zer da hiretzat? Afizio nagusia. Garai bakoi-tzean daukak afiziotarako denbora gehiago edo gutxiago eta denbora libre asko daukakenean, afizio bat baino gehiago sakontzen dituk, baina beti, proportzioan, bertsolaritza izan dek nere afizio nagusia. Orain, denbora gutxi izanda, manten­tzen deten afizio bakarra ber­tsolaritza dek.

Badaukak irudipenik belaunaldi berrientzat bertsolaritza ez dela gauza bera? Irudipen hori badiat, baina ez ditut hain gertutik jarraitzen adinean distantzia haundira dauden herriko bertsolari gazteak. Gu, garai hartan, elkarrekin elkartuz gero juergan edo kalean eta bi minutu izanez gero, bertsotan hasten ginen… Elkarri belarria jaten bertsotan aritzen ginen… Edozein dei, bertso bat edo bi kantatzeko, edozein lekutatik jasotzen genuen deia, guretzat izaten huan earra… pelean ibiltzen ginen nor joan. Alde horretatik, ezberdin bizi duten sentsazioa badiat. Guk bertso eskolaz aparteko koadrila ere osatzen genian elkarrekin.

Gaztetako grina hori itzaltzen joan ohi da pixkanaka… Hik nola mantentzen dek txapelketetarako prestatzeko motibazioa? Aste barruan biltzeko ohiturari eutsi nahiak batetik, eta bestetik, maiz esan izan det: ´aurten utziko banu, txapelketan izenik emango ez banu, agian akabo`. Beti esaten diagu: ´jarraituko degu, jarraituko degu` baina txapelketa da, soka horri eutsi nahi izatea. Beste aspiraziorik ez diagu. Bazekiat egunen batean ezetz esango diogula, ze adinean aurrera goazen heinean gero eta gehiago kostatzen dek tabladura irten eta ´nik zer egiten det hemen?` galdera horri erantzutea. Txapelketetara minimo bat landuta joan behar dek, txapelketari errespetua zor zaiolako eta noiz arte? Ba, eguneroko bizimoduan denbora minimo hori ateratzen degun bitartean, oraindik jarraitzeko asmoa diat, baina gero eta zailagoa dek. Umeak ere gero eta denbora gehiago eskatzen dik eta… Baina iruditzen zaidak oraindik zer esana badaukagula eta gainera, badirudi 40 urte betez gero, txapelketan ezin dela parte hartu eta ez zekiat, norbaitek puskatu beharko dik horrekin.

Puntu erantzuna:

(bederatziko motzean)
Mundu hontan ze kezka dauzkak hik Zelaia?

bat lanan inguruko
krisi garaia,
zenbait politikori
darion usaia,
noiz bandera berean
Irun ta Hendaia?
Xabat ta Amaia,
falta den bidaia,
presoen epaia,
zenbaitzun txantaia...
txarrena da jendean
botere nahia. (bis)

Puntuka:

Txotx denboraldia:
Hernani herrian, handiegi bihurtzen ari den zerbait. Orain dela 15 urte, gozada bat.

Hernaniko Kronika:
Momentu honetan, gure bizimoduan, ezinbesteko bihurtu den zerbait.

Euskeraren
erabilpena Hernanin:

Nere belarri famoso hoiek esaten dutena da, nahiko ataskatua dagoela erabilpena. Ataskatua esango nuke, nahiko baikorra izanda.
Ereñotzuko auzo udala:
Epe luzera, auzoari gauza on asko eman diezazkiokeen zerbait.


Plan urbanistikoa:
Sentsibilidade asko ikutuko dituen plana.


AHTaren eragina Hernanin:
Begitara eragin haundia, Hernaniko bizimoduan eraginik bat ere ez.


Zaborraren kudeaketa:
Merezi duen apustu gogor bat.
Hernaniko eskaintza kulturala:
Nahiko ofiziala. Gero eta herri mugimendu gu­­-txiago antzematen det.

Ikastolen bateraketa:
Norbere seme alaben heziketa bezelako gauza delikatu batean, estandarizazioa eta aukeratu ezina, atzerapauso bat iruditzen zait.

Bakarka hiru bertso

Gaia: Ereñozuko auzo udala.
Neurria: Hamarreko haundia


Zenbat bilera zenbat galdera
zer kontra eta zer alde?
Galdeketa bat egin ta gauzak
argitu ziren halare:
gure auzoak izan behar du
hernaniarren ondare
zerbitzu eta lokalak jarri...
Hamaika zeregin daude,
auzoa arnas beritu dadin
herritik urrundu gabe.

Diputazio, udaletxea
auzoa hurrenez hurren,
hiru hankak ondo jarri ezean
mahaia geratzen da erren.
Prensak berriak zabaldu ditu
ahalik eta azkarren...
Independentzi hitzaz herrian
askok txantxak egin arren,
horrek ez daki konpromisoak
zenbat lotura dakarren.

Premiak gertu ikustea da
hoberako gehienean:
mendi bazterrak garbitzen edo
kultur etxe barrenean
diruak ondo erabiliaz,
tarteka auzo lanean.
Krisi garaian sortu izanak
esango du azkenean,
gutxikin asko egin leikela
ilusioa denean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!