udaberriarekin batera, auzoetako jaiak ospatzen hasiak dira Euskal Herriko hainbat herrietan. Hernanin aurrenekoak Osiñagakoak izaten dira, baina ordura arte itxaron nahi ez dutenek, datorren asteburuan dute aukera. Goizuetan, Txino auzoko festak ospatuko dituzte ostiral eta larunbatean; eta horretarako, egitarau zabala antolatu dute.
Bertso musikatua
eta mus txapelketa, ostiralean
Ostiralean arratsaldeko azken orduan hasiko dira ospakizunekin. Lehenengo, festa giroan barneratzen hasteko, bertsoa eta musika uztartuko dituen saioa antolatu dute: Bertso musikatuak. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta ariko dira bertsotan, eta musika Dani Narbartek jarriko die, trikitixarekin. Eguneko bigarren ekitaldia, festetan falta ezin den Mus txapelketa da. Izena, txapelketa hasi aurretik eman behar da, eta 15 euro ordaindu behar da bikoteko. Sariak aurreneko hiruentzat izango dira: irabazlearentzat arkumea; bigarrenarentzat, langostinoak eta txakolina; eta hirugarrenarentzat, txuletak eta ardoa.
Egun haundia, larunbatean: musika, asto karrera, herri bazkaria....
Festetako egun haundia larunbatekoa izango da, eta ospatzeko, denetatik antolatu dute. Txupinazoa goizeko 11:00etan botako dute, eta herri bazkaria egin bitartean izango dira asto karrera, trikitilariak eta dantza saioa. Bazkaria 14:30etan hasiko da, eta joan nahi dutenentzat txartelak Amaia kafetegian daude salgai; ikasle eta langabetuentzat 15 euroan; eta langileentzat 18 euroan.
Bazkariaren ostean, musika izango da nagusi Txino auzoan: 18:00etan Bide Batezekin Berbena izango da; eta gauerditik aurrera, Sutan eta Bad Sound Systemek joko dute, garajean. Sutanek musika alternatiboa, metala eta rocka jotzen ditu; eta Bad Soun Systemek Hip Hop eta Reggae-a.
Egitaraua:
Maiatzak 6, ostirala
20:00 Bertso Musikatuak
23:00 Mus Txapelketa
Maiatzak 7, larunbata
11:00 Txupinazoa
Ondoren Trikitilariak
11:45 Umore Ona Dantza Taldea
12:30 Asto karrera
Ondoren Umeek ibiltzeko aukera izango dute
14:30 Herri bazkaria
18:00 Bide Batezekin berbena
00:00 Kontzertuak garajean: Sutan eta Bad Sound Syster.