«Gizartearen zati bati botu eskubidea kentzeak demokrazia murrizten du»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 1a, 02:00

«DENOK hiritar izateko, denok izan behar dugu eguneroko erabakien parte. Hiri bateko parte, bizilagun, orduan bakarrik izaten baikara hiritar. Onar­tezina da, urteak joan, urteak etorri, gure artean bizi, lan egin, gozatu eta penatzen direnak kanpoan uztea, Udalak hautatzerako orduan. Denok Hiritar alderdiaren helburua da, jaioterria kontuan izan gabe, gizakien eskubideak aldarrikatzea, hala nola, boto eskubidea». Hala azaldu zuen atzo Damian Pedrosa Denok Hiritar alderdiko zerrendaburuak, Biterin egindako aurkezpenean.

«Hernaniar ugari Udal hauteskundeetatik kanpo geratuko dira»

Aurkezpenean azaldu zutenez, kanpoan jaio izanagatik, Gipuzkoan urte luzeetan bizi diren hainbat hiritarrek ez dute boto eskubiderik izango datozen hauteskundeetan: «gure auzoak, herriak, hiriak aurrera ateratzeko, bizilagun guztion partaidetza ezinbestekoa da. Gure etorkizuna eraikitzeko, gure arteko gorabeherak libreki eztabaidatzeko, nahitaezkoa da bertan bizi direnekin batera jokatzea. Hala ere, gurekin urte luzeetan bizi diren horiek ez dute boto eskubiderik izango maiatzaren 22ko hauteskundeetan; eta ezta Udaleko partaide izateko eta Udal politiketan eragina edukitzeko».

«Bazterkeriak gizarte guztiarengan du eragina»

Atzo adierazi zutenez, askok uste dute inmigranteengan ba­karrik duela eragina, hauek bozka­tzeko eskubiderik ez izateak; baina ez dela ho­rrela: «inmigranteei egiten zaien bazterkeria ez da be­raien kontua bakarrik; gizarte osoarengan du eragina, eta guztiei dagokie aurre egitea. Gure ustez, boto eskubidea bezelako funtsezko eskaera batek hiritar guztiak ukitzen ditu. Hau da, populazioaren zati bat boto eskubidetik aparta­tzearekin batera, demokraziaren mugak murrizten dira».

«Inmigranteek egindako lana, eta bertakoek emandako languntza ezinbestekoa izan da»

Aurkezpenaren bukaeran, azpimarratu zuten integrazioa ezinbestekoa dela: «guk gizarte integratzailea nahi dugu. Norberaren jatorriko herrialdea, kultura edo erlijioa kontuan hartu gabe, eskubide berdinekin onartuko gaituzten gizartea nahi dugu; denok bizilagun izan behar dugu». Azkenik, eskerrak eman zizkieten proiektu hau aurrera erametako lan izugarria egin duten inmigranteei eta bertakoei. Eta baita ere, Denok Hiritar alderdiari atxiki diren 50 herritar ilustreei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!