guraso.com egitasmoa jarri berri dute martxan Goiena Komunikazio Zerbitzuak eta Txatxilipurdi elkarteak. Web orri horretan, gurasoek, izan ditzaketen zalantza eta premiak asetzeko aukera dute. Bertan, informazio espezifikoa aurkituko dute, euskera hutsean. Egitasmoaren nondik-norakoa hala azaldu dute sortzaileek: «guraso.com egitasmoa bizi dugun garaiotako ondorio zuzena da: amatasuna eta aitatasuna egungo gure gizarte berdinago honetara ekartzeko saioa, askotarikoak baitira guraso berriek topatuko dituzten arazoak seme-alaben hazkuntzan ustezko xamurtasunaren ordez, estresa barra-barra dabilen gizarte honetan: haurdunaldi eta erditze zailak, haurtzaindegiak gainezka, lana eta gurasotasuna ezin eramatea, heziketaren joera berritzaileak, bikote banaketaren alternatiba mingarria, guraso adinduxeak ugaritzea, sexu-bazterketa sentitzea... Premia horri erantzun nahian, baliabide egokiak bilduko dituen web gunea sortzeko apustua egin dugu».
20 profesional lanean
Web gunean, egunero daude albiste eta artikulu berriak, profesionalek landuta. 20 profesional daude lanean gai ezberdinen inguruko informazioa emateko; hala nola: aisialdia, aitatasuna, amatasuna, aspektu legalak, elikadura, euskera, gazteria, guraso mintegia, hezkuntza, jolasak, kirola, logopedia, pedagogia, pediatria, podologia, prebentzioa, psikologia, psikomotrizitatea, sexualitatea eta teknologia berriak.
Web gunearen atalak, berriz, 8 dira: sarrera, kolaborazioak, guraso berriak, seme-alabak, guraso eskola, aisialdia, baliabideak eta albisteak. Zalantzak argitzeko eta informazio gehiagorako: guraso.com.