«Todoterreno bat naiz», hala definitzen du bere burua Ibai Alba atleta hernaniarrak; ondo definitu ere. Orain arte asfaltoko lasterketetan aritu bada ere, martxotik aurrera, Mendi Lasterketetan dabil buru-belarri. «Larraul-Ernioko lasterketa izan zen lehenengoa eta ordutik engantxatuta nago», azaldu dio Kronikari. Larunbatetan ezin izaten du lasterketetan parte hartu, lana dela medio, baina igandero ikusi dezakegu lasterketaren batean. Bihar esaterako, Mendaron izango da eta podiumean sartzea du helburu. «Lasterketa berria da eta ez dut uste maila oso altua izango denik». Alba, Mendi Lasterketetan hasiberria bada ere, erakutsi duen maila ez da nolanahikoa izan: Ernion 5garren egin zuen, Saran 8garren, Orion 7garren eta Beran 12garren. Gustora dago emaitzekin, batez ere, Beran lortutakoarekin. «Beran maila haundia izaten da eta lortutako emaitza sekulakoa dela esan didate».
Jaistea, kosta
Emaitza onak lortu arren, oraindik hobetzeko asko geratzen zaiola azaldu du Albak: «Orain arte ez nintzen inoiz ibili mendian eta teknikoki oso ezberdina da. Batez ere jaistea kostatzen zait. Gora ondo moldatzen naiz, baina behera, 100m-tan bakarrik, sekulako aldea ateratzen didate».
Entrenatu bere kasa egiten du atleta hernaniarrak, astean sei egunetan. Larunbatetan jai egiten du normalean, karrera aurreko eguna izaki. Ereñotzu aldera joaten da korrika egitera; 30km inguru egiten ditu denera. Datu bat aipatzearren, iaz 4.300km egin zituen korrika, lasterketa eta entrenamenduen artean.
Irailean, asfaltora berriz
Alba, uztailaren 10era arte ibiliko da Mendi Lasterketetan eta irailean helduko dio berriz asfaltoari. Aurten, besteak beste, Maratoian 2:30eko denbora egitea du helburu.
Todoterrenoa izaki, ultra trailak probatzeko gogorik baduen galdetuta, baietz dio, baina lanagatik, denbora falta duela.
Hiru urte emankor
Alba 2008an hasi zen asfaltoko lasterketetan parte hartzen. «Azeri Bilan atera nintzen eta ordutik jarraitu egin dut. Aurretik, 21 urtera arte, txirrindularitzan ibili nintzen eta gero, 6 bat urtez, kirola utzita egon nintzen», azaldu du.
Hiru urte hauetan lortu dituen emaitzak oso onak izan dira. Euskal Herrian eta Estatu mailan hainbat lasterketa irabazi ditu eta iaz, esaterako, Zumaiako Zakilabiran 4garren izan zen; Euskadiko Maratoi Erdian 7garren, 1:11:29ko denborarekin; Kirolprobak Ligan bigarren; eta Donostiako Maratoian erbi lanak egin zituen. Horrez gain, Albak Ordiziako Txindoki taldearekin korritzen du asfaltoan (mendian Idiazabal taldearekin) eta Euskadiko txapeldun izan ziren iaz.
«Udalak hemengo taldea bultzatu beharko luke»
Hernaniko atleten artean maila altua dago bai asfaltoan, bai mendian. Asfaltoan, Sergio Roman, Ibai Alba eta Eduardo Gallego dabiltza punta-puntan. Eta mendian, Zigor Iturrieta, Unai Santamaria eta Ibai Alba bera. Baina gehienak Hernaniko taldetik kanpo dabiltza. Horri lotuta, honakoa azaldu du Albak: «Hernanin 10 bat korrikalari badira maila altukoak eta pena da bakoitza punta batean ibiltzea. Udalak hemengo taldea gehiago bultzatu beharko luke».
Arratzuko eta Mendaroko Mendi Lasterketak, gaur eta bihar:
Arratzuko Mendi Lasterketa (30km):
-Zigor Iturrieta
-Unai Santamaria
-Jokin Etxabe
Mendaroko Mendi Lasterketa (25km):
- Ibai Alba
- Aitor Arluziaga
- Ines Arreitunandia
- Patxi Artola
Apirileko emaitzak:
Aginagako
Mendi Lasterketa:
11 Unai Santamaria
18 Mikel Etxabe
33 Mikel Iturbe
76 Patxi Artola
105 Ekaitz Zubelzu
145 Aitor Ormazab.
146 Koro Astiz
174 Fernando Etxezarreta
Orioko
Mendi Lasterketa:
5 Unai Santamaria
7 Ibai Alba
83 Patxi Artola
148 Iker Persona
160 Mikel Uralde
224 Xanti Aduriz
Donostia-Hondarribia
Mendi Lasterketa:
19 Sergio Uzkudun
37 Aitor Arluziaga
51 Mikel Etxabe
59 David Truyo
67 Aitor Zudaire
90 Mikel Iturbe
93 Iñigo Uzkudun
210 Aingeru Santa.
228 Ruben Paredes
235 Josean Arzelus
241 Ines Arreitun.
261 Martxel Rodrigo
295 Josema Gonzal.
319 Gonzalo Saved.
404 Iñaki Azurmen.
Berako
Mendi Lasterketa:
12 Ibai Alba
15 Unai Santamaria
147 Mikel Etxabe
152 Urtzi Fernand.
272 Jokin Etxabe
276 Patxi Artola
364 Mikel Uralde