«Talde berria gara, eta gogoarekin eta animoarekin gatoz, udaletxera freskura eta haize berria ekartzeko asmoarekin elkartu gara», hala azaldu zuen Luis Itxauspek, Bildu koalizioko Hernaniko zerrendaburuak, asteazkenean egindako aurkezpenean. Luis Intxauspe izango da maiatzaren 22ko hauteskundeetan, Bildu koalizioko alkategaia. Aurkezpenean, banaka aurkeztu zituzten zerrendako kide bakoitza, eta azaldu zuten, lanerako prest dagoen lantaldea dela: «zerrenda osatzen dugun guztiak euskaldunak gara, adin ezberdinetakoak, gizon zein emakumeak, lanbide edo sektore ezberdinetan aritutakoak, eta Bilduren apustu orokorrarekin bat egin dugunak».
«Bildu alternatiba erreala da, herri honek behar duen
aldaketarako motorra»
Abertzalez eta ezkertiarrez osatutako Bildu koalizioaren lehentasunak bi zirela azaldu zuten: «batetik, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren behin betiko konponbide demokratikoa bultzatzea; eta bestetik, egungo errealitate instituzionala eraldatzea. Gauzak egiteko modu berri bat dugu, gardena eta partehartzailea». Bildu koalizioa alternatiba erreala bezala aurkeztu zuten, eta herri honek behar duen benetako aldaketa motorra dela gaineratu zuten: «Bildurentzat funtsezkoa da instituzioak abertzale eta ezkertiarren gehiengo sozialarekin osatzea. Instituzioek herritarren behar eta interesei begira aritu behar dute, beti ere, Euskal Herriak Europan estatu librea izateko duen helburuaren mesedetan. Horrez gain, gaineratu zuten, lan hori egiteko konpromisoarekin eratu den taldeak, eskaintza anitza eta zabala egingo dietela hernaniarrei, ondorengo hiru ardatz nagusiekin: «bat, ingurumenaren babesa, eta bizi kalitatearen zaintza; bi, alokairuzko etxebizitzen parke publikoa sortzea; eta hiru, herri bizia eraikitzea, hau da autoantolakuntzaren bidez, herri mailan eta auzoetan sare sozialak eta auzolan dinamikak bultzatzea».
«Agerian daukagun bakarra lanerako gogoa da»
Inpugnazioei buruz ere aritu zen Luis Intxauspe aurkezpenean, eta adierazi zuen, talde honek ez duela ezkutatzeko ezer: «inpugnazioak gora behera, azkenean inpugnatu gaituzte. Lupa, mikroskopioa, katalejoak... nahi dutena erabiliko dute, baina talde honek ez dauka ezkutatzeko ezer. Guk agerian daukagun bakarra lanerako gogoa eta udaletxean aritzeko gogoa da. Begiratzea dute hori nahi duten tramankuluekin, hori besterik ez dute topatuko eta».
«Kanpaina denon artean egin behar dugu»
Kanpaina denen artean egiteko eskatu zien Intxauspek bertan bildutakoei: «zuen laguntza behar dugu, bakoitzak bere esparruan izango du zeregina. Momentu historiko batean gaude, orain da momentua, bildu gurekin lanera».