Krisia izango da protagonista bihar, Langileen Nazioarteko Egunean, sindikatuek egingo duten manifestuan. Batetik, ELA, LAB, STEE/EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek egin dute batera, eta bestetik CCOO eta UGTk. Guztiek, krisiari aurre egiteko hartu beharreko erabakiak dituzte ardatz.
ELA, LAB, STEE/EILAS,
EHNE eta HIRU:
«Helburua aberastasuna justuki banatzea da»
ELA, LAB, STEE/EILAS, EHNE eta HIRUk manifestuan azaldu dutenez, egungoa, azken hamarkadetan ezagutu dugun politikarik latz eta antisozialena da: «erreforma laboralak, pentsioen erreformak, eta orain negoziaketa kolektiboaren erreformek lan baldintzak gehiago desarautzea baino ez dute ekarri. Guk badakigu bestelako politika bat burutzea posible dela, eta beharrezkoa dela. Hau da, lanaren eta aberastasunaren banaketa justuan oinarritutako eredu ekonomiko eta soziala bultzatuko duen politika posible dela.
Sei sindikatuen esanetan, gaur egun egiten ari diren politika aldatzeko neurri batzuk hartu behar dira, helburu izango dutenak aberastasuna justuki banatzea, eta langileek bere posizioa hobetzea eta aurrera eramatea. Horretarako alternatibak proposatzen dituzte:
«1. Enpleguak defendatzeko politika: enplegu egonkor eta kalitatezkoa bermatu behar da. Lan baldintzak hobetu, aldi baterako kontratuen iruzurra desagerrarazi...
2. Politika fiskal justu eta progresiboa behar da. Zerga bilketa hobetu behar da, gizarte-gastu haundiagoa ahalbidetzeko. Errenta altuenei oparitu zaizkien zerga jaitsierak bertan behera utzi behar dira.
3. Gizarte gastua eta sektore publikoa ezin dira ekonomiatik erretiratu. Garapen ekonomiko eta sozialaren motorra izan behar dute.
4. Ekimen politiko, ekonomiko eta soziala bultzatzea posible da Hego Euskal Herrian. Badaukagu behar besteko bultzada, determinazioa eta jendartearen babesa. Egungo esparru politikoa langileen kontrako erabakiak hartzeko erabiltzen ari dira, eta hala salatu genuen martxoaren 22an sinatu genuen adierazpenean»
Hori guztia aldarrikatzeko sei sindikatuek manifestazioa egingo dute bihar Bilbon. Goizeko 11:30etan izango da, eta dei egin diete hernaniar guztiei bertara hurbildu eta bat egitera.
CCOO eta UGT:
«Langabezia gainditzea da borroka, eta lana helburua»
CCOO eta UGT sindikatuek egindako manifestuan azaldu dute, Estatuko egoera oso larria dela, eta lan egonkorra sortzea dela helburuetako bat: «Euskal Herrian 151.000 pertsona daude langabezian, eta joan den urteko erreformak ez du ezertarako balio izan».
Horrez gain, diote, krisiari aurre egiteko, hazkundea, eredu iraunkor eta jasangarrian oinarritu behar dela, berrikuntza eta industria ardatz izango dituena.
Azkenik, exijitzen dute Estatuak sistema finantzieroei ematen dizkien laguntza guztiek baldintzak izatea; hau da, bankuek familiei, langile autonomoei, eta enpresariei likidezia ematea.