«Gustatu egiten zait leku batetik bestera ibiltzea, dendan ito egingo nintzateke»

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 30a, 02:00

«sei urterekin jada, aitari en­barazu egitera joaten ginen», gogoratzen du Mikel Lasak. Eta ofizialki esateko, 16 urterekin hasi zen feriaz feria aitaren ondoan lanean. «Ikasten jarraitzeko gogorik ez nuen. Aitak bazuen gogoa nik ikasten jarraitu nezan, baina ez zuen lortu. Lau urte ere pasa ni­tu­en internoan fraileekin, baina berdin jarraitu nuen eta fraileek esan zioten aitari dirua eta denbora galtzen ari zela; lan egin nahi nuela. Kurtsoa ostiralean bukatu eta larunbatean lanean hasi nintzen», konta­tzen du. Ordutik 28 urte daramazki feriatan lanean eta erabaki hartaz inoiz ez dela damutu aitortu du. «Batzuentzat go­gorra izango da, baina ni ohituta nago eta gustatu egiten zait. Denda jartzekotan ere izan ginen, baina nik ez dut nahi. Beti leku batean... nahia­go dut herriz herri ibili. Beste saltsa bat da. Dendan ito egingo nintzateke».


«Azoka asko aldatu da»
Urte guzti hauetan, azoka asko aldatu dela azaldu du Lasak. «Esaterako, nire aitak-eta, (en­tzuten badit haserretu egingo da)ez zuten sal­tzen; hau da, jendeak erosi egiten zien. Beraiek iristerako, jendea jada zain egoten zen. Oso ezberdina zen. Zergatik? Lehen ez zegoen hainbeste denda, hainbeste aukera. Hori bai, lana egiten zuten. Nire aita ezagutu dut Bretxan, 30 metroko ilara zain zuela arrautzak erosteko. Etengabe saltzen zituen arrautzak. Egunean saltzen zituen guk urte guztian saltzen ditugun arrautzak baino gehiago. 2.000 dozena saldu izan ditugu goiz batean. Orain beste modu bateko lana dago atzean eta nire amak, adibidez, ez du ulertzen postua jarri eta produktuak probatzeko eskaintzea. Gastu bezala ikusten du. Aldatu egin da».


Aita, 10 urterekin hasia
Nabari da Mikel Lasak maisu haundi bat izan duela aldamenean. Halaxe da Joxe Ramon Lasa, aita, esperientzia haundiko saltzailea. 5 urte zituela, amarekin ibiltzen zen ferian eta 10 urte besterik ez zituenean bakarrik hasi zen, ama gaixo zegoela eta. «73 urte dauzkat orain, atera kontuak!», dio. Osteguneko ferian, semearen postuan izan zen eta berak etxean, Santa Barbaran, egindako sagardoa eraman zuen. Probatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, baita Kroni­ka­­ko kazetariek ere. Earra!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!