«Espero baino askoz zabalduago dago liztor asiatikoa»

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 25a, 02:00

Erlazainak gogor ari di­ra borrokan, liztor asiatikoaren (Vespa velutina) kontra. Her­nanin bakarrik, dagoeneko 29 erregin harrapatu dituzte, eta beraiek diotenez, uste baino zabalduago dago.  

Liztor asiatikoak erleak jaten ditu, eta beraz, kalte haundia ekarri dezake. Aurten, orain­dik ez diote erleari erasorik egin, eta erlazainek diotenez, garai hau klabea da liztorrari kontra egiteko. «Erre­ginak bakarrik dabiltza orain. Kabiak egiten ari dira, eta lehenengo arrautzak jarri di­tuz­te. Laster, langileak jaio­tzen hasiko dira, eta ugaritu eta ugaritu hasten direnean... orduan hasiko dira erleak jaten. Orain da garaia harrapatzeko; gero alferrik da».

Oraindik ez dugu ezagutzen nondik nora dabilen liztorra
Gipuzkoako erlazainak erne dabiltza, udaberri hasie­ratik, eta ahalik eta liztor-erre­gin gehiena ari dira harrapatzen; batez ere, Bi­da­soa, Oarso eta Donos­tialdea inguruan, hortik ari baita zabaltzen Gipuz­koa­ra. Ondo dakite hori Herna­ni­ko erlazainek.

Kro­ni­kak hitz egin du, Agustin Zabala, Julian Urkio­la eta Jexux Aran­bu­ru­rekin, eta kezka ugari azaldu dituzte hiru erlazainek. «Gal­derak asko dira. Zenbat kabi daude Hernanin? Zenbat erregina jaio dira kabi bakoitzetik? Nondik nora zabaltzen da liztorra? Erreka bazterretik, men­diz, basoz...?».

Hernanin kabi bat lokalizatu zuten udazkenean erlazainek, Portutik Urnietara bidean. Jakina zen, han erreginak jaioko zirela, eta halaxe izan da. Agustin Zabalak erregin mordoxka bat harrapatu ditu inguru horretan,  Baserritxon, bere jaiotetxean, alegia; 5 erregin inguru.  Kontua da, Ereñotzu aldean ere erregina asko harrapatu dituztela. Zabalak berak 6, Olazar eta Usokoerrekan. Ur­kio­lak 8 harrapatuak ditu Larregainen; eta Aranburuk 8 behintzat bai, Ereñotzu-Alka­txuinen. Hor­taz, beste kabiren bat edo gehiago izatea oso posible da, zo­nalde horretan. Gai­nera, Aba­ñon ere 2 harrapatu dituzte, eta horrek beste galdera bat sortarazten die erlazainei: nondik nora zabal­tzen da liztorra? Erreka bazterretik, mendia pasatzen du batetik bestera...?  

Tranpa egoki baten bila, Neiker laborategia
Neiker laborategia ari da liztorrari kontu egiten. Tranpa efikazagoa bilatu nahi dute, liztor asiatikoarentzat egokitua (hormona egoki bat bilatu nahi dute). Horretarako Iker­keta linea bat sortu nahi dute, baina ez da erreza izango, Urkiolaren hitzetan.

Bitartean, etxean egindako tranpekin ari dira erlazainak. Asko harrapatu dituzte, baina etsi puntua nabari zaie erlazainei. Urkiolak senten­tzia bota du: «erabat galtzea ezinezkoa izango da, seguruenera. Bitartean, tranpan erortzen den bakoitza, hura gutxiago!». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!