Amaia Irazustabarrenak gazte-gaztetatik hartu du izena paletaren munduan. Zortzi urte daramazki jokatzen, eta jantzi dituen txapelen kontua ahaztua du.
Aurten dagoeneko, lortua du aurrenekoa. Joan den asteburuan jantzi zuen, Ugalderekin batera, Gipuzkoako kluben arteko trinkete txapelketa irabazita. Martxoan berriz, Euskal Herriko txapelketako finalerako sailkatu zen, eta Ariane Arrieta paletariarekin batera, azpitxapeldun geratu ziren.
Bi txapelketa horietan lortu ditu 2011n, oraingoz, markarik onenak; eta atzera begiratuz gero, Emakumea Pelotariren gisako txapelketak ere irabaziak ditu. Dena dela, aurten izan du beste sari bat, inoiz ahaztuko ez duena: Euskal Selekzioarekin jokatu berri du Uruguayen, munduko talderik onentsuenen kontra. Gainera, Irazustabarrena jubenila da, eta nagusien kontra aritu behar izan du, astebetez.
«Astean, gutxienez,
hirutan entrenatzen dut»
Txapelketa guztietara joko puntu onarekin iristea ez da erraza edozein kirolarirentzat, ezta Irazustabarrenarentzat ere; Kronikari azaldu dionez, klabea, entrenamentuak dira: «teknikak, joku puntuak, bikoteak... guztiak du eragina txapelketa ona edo txarra egiterako orduan. Baina guztiaren oinarria, niretzat, entrenamentuak dira. Nik astean, gutxienez, hirutan entrenatzen dut, eta asteburuan partidua jokatzen dugu. Horrek laguntzen dit joku maila ona mantentzen».
Saria,
Euskal Selekzioaren deia
Urte guzti hauetan egiten ari den lanagatik sari berezia jaso berri du Irazustabarrenak, espero ez zuena, baina poz haundia eman diona: «goi postuetan genbiltzan paletariei asteazken batean deitu, eta Euskal Selekzioarekin entrenatzera joateko esan ziguten. Entrenamentua egin, eta hurrengo egunean deitu ninduten, Uruguayera joateko aukeratu nindutela esateko. Ilusio haundia egin zidan, ez nuen halakorik espero. Euskal Selekzioarekin jokatzea sari gisa hartu dut; esperientzia azkarra izan da, polita, ez dut inoiz ahaztuko».
«Teknika izugarria dute,
eta finalerdietan kanporatu gintuzten»
Uruguayen, selekzioen arteko Trinkete Torneoan, Uruguay, Argentina eta Chileko paletarien kontra jokatu zuten Irazustabarrena eta Zuazu irundarrak, eta Latinoamerikako pelotarien teknika da, hasieratik, gehien inpresionatu zietena: «ni normalean jubeniletan aritzen naiz, eta Urugayen seniorren kontra jokatu genuen; 20 urtetik gora zuten guztiek. Hala ere, ez zen hori gehien inpresionatu ginduena: Latinoamerikako paletariek teknika izugarria dute trinketean, eta hori izan zen gainditu beharreko trabarik haundiena».
Bikote euskaldunak jokatutako lau partiduetatik bakarra irabazi zuen. Final laurdenetan, Urugayen kontra 30-13 galdu zuten; Argentinaren kontra 21-30 irabazi; eta Chileren kontra 30-17 galdu. Hala, pasea lortu, eta hurrengo egunean jokatu zuten finalerdia, Chileren kontra baita ere. Kasu honetan, 30-18 galdu zuten.