Valdegoviako harana Arabako mendebaldeko muturrean dago; eta taket bat sortuz, Burgos-eko probintziako iparraldean guztiz barneratuta dago. Valdegovian, egoera geografiko multzo zehatz batzuk, ezaugarri berezia duen paisai mugatu dute. Interes haundiko lekuak Valderejoko Parke Naturala (1992an izendatua) eta bere inguruak. Bertan, natura da garaile. Edozein urtaroan bere kolore argiek eta tonalitate desberdinek liluratu egingo gaituzte.
Valderejok Lahoz-Sobrón antiklinalaren mendebaldeko itxiera osatzen du. Higadurak, urteen poderioz, antiklinalaren gunea agerian utzi du. Gaur egun, kareharriz osatutako hormez inguratutako bailara zabal bat osatzen du. Gailur garaienak dira: Recuenco (1.240 metro), Vallegrull (1.226 metro), Arrayuelas (1.128 metro) eta Santa Ana (1.042 metro).
Hemengo klima, Atlantiar eta Mediterranear klimaren artekoa da. Udak beroak eta lehorrak dira, eta neguan elur asko egiten du. Klimak eta giza agerrera eskasak biodibertsitate handia ahalbidetzen dute. Beraz, fauna eta flora aberastasuna haundia da.
Floran: pinudiak eta pagadiak
nagusi; faunan: biodibertsitate haundia
Guneko flora osatzen duten elementuen artean, pinudiak eta pagadiak nabarmentzen dira. Hala ere, beste landare formazio batzuk ere badira, harkaitzetako landaretza edo erreka ertzetako landaretza berezia adibidez. Zelai eta soroak, haranaren barruko lautada aldean dira nagusi.
Parkean fauna ugaria da, biodibertsitate handikoa gainera. Hegaztien artean arruntena saia da. Hegazti saprofito hau oso ugaria da hemen, eta erraz ikus dezakegu. Eper gorria eta galeperrak ere ugariak dira, baita tamaina txikiko hegaztiak, txonta eta txantxangorria bezalakoak. Ugaztunei dagokienez, arruntenak orkatza, basurdea, azeria eta erbia dira. Narrastien artean aldiz, sugandilak, muskerrak eta sugegorriak.
Valderejon, giza ezartzearen aurreneko arrastoak historiaurrekoak dira, neolitiko garaikoak. Horren lekuko bailaran dauden hainbat tumulu eta, Recuenco gailurretik gertu dagoen, El Gustal izeneko menhirra dira. Erromatarrak hemen izan ziren lurraldeko hegoaldetik igarotzen den galtzadak adierazten duen bezala; baina garai garrantzitsuena eta aztarna gehien utzi izan duena, Erdi Aroa da.
Arabiar inbasioaren ondoren, Valderejo hutsik geratu zen bertako biztanleek, musulmanen beldur, iparraldeko mendietan babesa bilatu zutelako. Erdi Aroan, arabiarrak kanporatu ondoren, abade eta monjek haranaren birpopulaketa bultzatu zuten. Monasterioa eraiki zuten, eta honen inguruan herriak sortu ziren. Historian zehar, lurralde hau erreinu desberdinen esku egon da, hala nola: Astur-eko erresuma, Nafarroako erresuma, Bizkaiko Jaurerria eta Gaztelako Koroa.
Araudi zorrotza duen Parkea
Parke Naturala izanik inguru hauetako araudia zorrotza da. Ezin da sua piztu, motorrezko ibilgailuekin ibili, hondakinak jaso gabe utzi edota lurperatu, ingurugiroko elementuak kendu edo eraldatu, kanpin dendak ipini, ehizatu (Parkeko Organo Gestoreak mugatzen dituen epe eta espazioetan izan ezik), harri, zuhaitz edo beste lekuetan inskripzioak edo marrazkiak egin, erreketan gauzak garbitu edo bainatu, eta mendiko bizikletarekin ibili.
Gaurko ibilbidean parkearen goialdeko zati haundi bat ,eta inguru hauetako bi gailur esanguratsuenak egingo ditugu: Recuenco eta Vallegrull. Hala ere, ibilbidea egiteko garaian kontuan izan behar dugu saien ugalketa garaian, habian arrautzak jartzen dituztenetik txiten garapena amaitzen den arte (urtarrilaren 1etik abuztuaren 15a arte), Recuencotik eskuinera, Arrayuelas aldera, debekatuta dagoela ibiltzea.
«La Horka mendatetik igoko dugu»
La Horca mendatetik, Recuencorako igoera zabala. Beheko partean hesi batez inguratutako landa bat dago, bertan, hormaren beste aldera pasa eta zelaia gurutzatu behar da. Aurrerago jaiotzen da tontorrera iritsi arte jarraituko dugun pista.
Hasiera leuna da, baina gero gogortu egiten da eta aldapa oso gogor batzuk ditu.Pistaren malda leuntzen hasten denean, eta hego-ekialderantz bideratzen denean, Recuenco eta Lerón tontorren artean egongo gara. Pistatik (eskuinetara) jarraituko dugu. Recuenco gure ezkerretara geratzen da, eta bidezidor batetik, arazorik gabe, gailurrera iritsiko gara.
Recuencoko tontorrean, bertan dagoen postontzi txiki batetik aurrera eginda, amildegira hurbildu eta paisai zoragarri bat izango dugu aurrean. Behean bailara, Lahoz eta Lalastra herritxoekin, gure ezkerrean Arrayuelas bere horma bertikal izugarriekin, eskuinean Vallegrull eta hondoan Arzena-ko mendizerra.
Ondoren, 300 metro eskasera dagoen Lerón (1.236 m) gailurrera joango gara. Handik, Valdegovia ederki ikusten da. Recuencora bide beretik bueltatu eta bailarari buelta ematen hasiko gara.
Segidan, Coronas-eko lepora iristsiko ara, eta handik San Lorenzo baselizara joan behar da. Hemendik egingo dugu eguneko azkeneko igoera: Vallegrullera. Vallegrull igotzeko Lalastrara jaisten den bidea utzi eta hegoaldera doan beste bat hartu behar da. 700 metro inguru egin ostean, eskuinera hartu behar da; eta 10 minutura ikusiko du gailurrera eramango gaituen seinalea. Azkenik, San Lorenzoko bidezidorretik Villamardones aldera jaitsiko gara. Seinaleei kasu eginez berehala gara ibilbidearen amaieran.