Hernanin bada jende dezente, etxean pertsona adinekoak dituena. Adineko horiek batzuetan laguntza behar izaten dute eguneroko bizitza egiteko, eta hor sortzen dira zalantza, arazo edo kezka ugari. Gauza horiei buruz hitz egin dute apirilean, sei egunez, Biteri kultur etxean.
Sekulako arrakasta izan du ikastaroak. 25 hernaniarrek hartu dute parte bertan, eta jendea oso pozik geratu da. Ongintzako arduradunak ere gustora azaldu dira. «Senitartekoen partehartzea aberasgarria izan da oso. Trebatze-ikastaroen helburua da, senitartekoek gaitasuna lortzea, arreta-lanak ahal den ondoen egiteko. Epe motzera, Ongintza Patronatuak pertsona helduen zaintzari buruz beste ikastaro bat antolatuko du».