Babes haundiagoa Urumeako erreka, animalia eta landareei

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 17a, 02:00

Natura 2000 sare ekologikoa natura zaintzeko eta biodibertsitatea ez galtzeko Eu­ropar Batasunak duen tresna nagusia da. Babes Bereziko Ere­muak izendatzen dira sare honetan (BBE), Europan arriskuan dauden espezie eta ha­bitatak babesteko. Urumea ibaiak hartzen di­tuen 74 hektarea sare ho­rren barnean sartu ziren 2003 urtean, Garrantzia Ko­munita­rio­dun Leku izendatuta. Orain berriz, Eusko Jaur­laritzak 256 hektarea kontuan hartzeko proposamena jarri du mar­txan, Her­naniko hainbat erreka, erribera eta erreka-bazter babestuko dituena Babes Be­re­ziko Eremu (BBE) izendatuta. Natura 2000 sareko Babes Bereziko Eremu dira lehendik Aiako Harria parkea osatzen duten lurrak, eta horiek lotuta daude Hernaniko Pa­goaga auzotik igarotzen den Soñegi errekarekin, Urumea­ko BBEa hasten den lekuarekin, hain zuzen. BBE hau Añarbe ibaiarekin ere lotuta dago. Bestalde, Landarbaso eta Usoko-erreken goi-zonaldeak Aiako Ha­rria BBEko zati dira, eta baita Artikutza ere. Pasa den abenduan, Eus­ko Jaurlaritzak BBE horiek zabal­tzeko proposamenaren lehen fasea onartu zuen. Proposa­men honekin, Natura 2000 sare ekologikoaren ba­rruko BBE izendatu nahi dituzte Urdaburutik hasi eta Herna­nitik pasatzen diren Urumea Ibaiaren hainbat zati. Urda­bu­ruko zonaldea Donostia hiriaren zati da, baina Aiako Harria parke naturalaren barnean babestuta dagoena. Mende­bal­dera Aranorekin egiten du muga, eta ipar-ekialdera be­rriz, Hernanirekin. Beraz, Ur­da­bu­rutik hasi, eta Hernaniko Karabel auzorainoko Urumea Ibaiaren bidea babestu nahi dute orain. Horrek, ondorengo errekak hartzen ditu beregain: ibaiaren eskubi aldetik, Usoko eta Latxe errekak (Ere­ñotzu auzotik pasatzen direnak) eta Landarbaso edo Epele erreka (Epele auzotik pasatzen dena) izendatu nahi dituzte BBE; ibaiaren ezkerraldetik berriz, Etxolaberri edo Urru­zuno izeneko erreka (Ola­zar­tik pasatzen dena) eta Saga­rre­ta eta Erramu erreka edo errekaxtoak babestu nahi dituzte.

BBEa zabaltzearen arrazoiak

Urumeako 74 hektarea babestuta zeuden lehendik ere, baina orain, guztira 256 hektarea izango dira babestuko di­renak (182 ha gehiago). Ho­rren arrazoi nagusia animalia eta landare espezie ba­tzuk babestu nahia da. Landare: Urumeak Landa­ren har­tzen dituen zonaldeak in­guru garrantzitsua dira b­a­tetik, izokinarentzako, eta bestetik, uhalde-enararentzako (Ri­pa­ria riparia). Usoko-erreka berriz, oso aproposa da: bisoi edo ur-ipurtatsarentzat (Mus­te­la lutreola) eta mutur-luzearentzat (Galemys pyrenaicus). Epele-erreka aproposa da: ur-ipurtatsarentzat eta mutur luzearentzat eta izokiarenerako (Salmo salar). Etxo­la­be­rri erreka egokia da: aurretik aipaturiko espezieentzat, eta baita beste flora eta fauna espezie batzuk babesteko ere, adibidez, garai paleotropikaletik iraun duten landareak: Veratrum album; Trichomanes speciosum edota Soldanella villosa. Aipaturiko espezie ho­rie­tako hainbat agertzen dira Sagarreta-errekastoan ere, eta bai­ta: Karakol arraro bat (Elona quimperiana), ur-zozoak (Cinclus cinclus), eta aurreko landare horietako bat gehiago ere, inistor bat hain zuzen: Hy­menophyllum tunbrigense. Az­kenik, Erramu-errekastoa ba­bes­leku berezia da beste landare batentzat: erramu portugaldarra, hain zuzen (Pru­nus lusitanica); espezie hau desa­gertzear dago EAEn.

Zertarako egingo dute? Zer egingo dute? Eta noizko?

Babeserako gune hauek izendatzearekin lortu nahi da, ibaiko bizileku ezberdinak eta anitzak kontserbatzea. Horre­ta­rako, habitat naturalak za­bal­du egin nahi dituzte. Ho­rrez gain, habitat desberdin kopurua haunditu nahi dute. Neurriak hartuko dituzte, hori guztia lortzeko: uraren kalitatea hobetu, errekan egon daitezkeen oztopoak kendu, eta ibaiaren beraren bide naturalak babestu eta zaindu. Helburuak lor­tzeko ezarritako epe-muga 6 urtekoa da, eta 932.400 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak horretara.

Babestuko diren eremuak

• Soñegi-erreka: Hernaniko Pagoaga auzotik igarotzen da, Urdabururekin muga eginez (Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan).

• Latxe edo Uxoko-erreka: Aiako Harria parke naturalarekin elkartzen den Urdaburu zonaldetik dator, eta Ereñozuko auzoan elkartzen da Urumea ibaira.

• Landarbaso edo Epele-erreka: Hernani eta Astigarragako mugan Añua errekarekin bat egiten du, Aiako Harria parke naturalarekin lotuz. Ondoren mendebaldera egiten du errekak, eta segidan, hegoaldera, Epeleko auzoan Urumea Ibaira elkartzeko.

• Etxolaberri edo Urruzuno-erreka: Hernaniko Olazarren iristen da Urumeara. Etxolaberri errekarekin batera, erreka bera hornitzen duten Mendabio eta Purgatorio errekatxoak eta Azketa eta Kartola goi-ibarrak babestuko dira.

• Sagarreta-erreka: Urumea Ibaira bere ezkerraldetik elkartzen da, Pagoaga auzotik Osiñagarako bidean. 

• Erramu-erreka: Urumea Ibaira bere ezkerraldetik elkartzen da, Pagoaga auzotik Osiñagarako bidean.

HABITATAK:
• Haltzadiak (Alnus glutinosa) eta Lizardiak (Fraxinus excelsior) errekaertzetan daudenak.
• Pagadiak: Gorosti edo Haginak (Ilex eta Taxus) tartean dituela.
• Hariztiak: Haritzak (Quercus robur) eta Ametzak (Quercus pyrenaica) dituztenak.
• Belardiak: Alopecurus pratensis eta sanguisorba officinalis espezietakoak.
• Txilardi edo Ainardi lehor
azidofiloak (lur azidoetakoak).


FLORA
• Trichomanes speciosum
(inistor klase bat).
• Soldanella villosa
(landare txikia, lore morea).
• Veratrum album
(landare luzea, lore horixka).
• Hymenophyllum tunbrigense (inistor klase bat).
• Prunus lusitánica
(erramu portugaldarra).


HEGAZTIAK
• Martin arrantzaleak
(Alcedo atthis).
• Kulixka txiki
(Actitis hypoleucos).
• Lertxuna edo Gartza
(Ardea cinérea).
• Kukua
(Cuculus canorus).
• Euli-txori beltza
(Ficedula hypoleuca).
• Sasi-txoria
(Hippolais polyglotta).
• Euli-txori grisa
(Muscicapa striata).
• Ubarroia edo Kormorana (Phalacrocorax carbo).
• Uhalde-enara
(Riparia riparia).
• Ur-zozoa
(Cinclus cinclus).


UGAZTUNAK
• Ipurtatsa edo Bisoi europarra (Mustela lutreola).
• Ur-satorra, edo Mutur-luzea (Galemys pyrenaicus).


ARRAINAK
• Izoki atlantikoa
(Salmo salar).
• Kolaka edo Salamoa
(Alosa alosa).






Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!