Finalak eta finalerdiak zer diren badaki Rufino Rekalde hernaniarrak. 15 urte daramazki Rekaldek epaile lanetan, eta badaki zer den tentsioko partiduetan besoa jaso, eta tantoa bati edo besteri ematea. Bihar ez da bera izango epaile, Bilbon, baina ziur begira izango dela.
«Finalean, orain dela bi urte izan nintzen epaile, Lauterdiko Txapelketan, Titin IIIa eta Barriolaren artean. Berez, tentsio haundiagoko partiduak izaten dira, baina orokorrean, txapelketako partidu guztiak berdintsuak dira».
«Jokaldi polemikoak beti berdinak dira»
Txapelketetan 7 epaile ari dira Gipuzkoan; esperientzia haundienekoak hartzen ditu federazioak, eta horietako bat da Rufino Rekalde, hernaniarra. Sekretu gutxi ditu pelotak Rekalderentzat; berak dioenez, epaile lanetan jokaldi polemiko gutxi batzuk izaten dira, eta horiei egin behar zaie kontu. «Ezker paretako goiko txapa, zabaleko marra, eta bi botean jasotakoak. Horiek dira polemikoenak; badira gehiago ere, atxikiak, elkar trabatzea... baina horiek ez dute pisu berdina izaten».
Epaileek badituzte moduak, jokaldi polemiko horiek erabakitzeko. «Azkar erabakitzeak, adibidez, ez du garrantzirik guretzat. Erabaki ona hartu behar da. Nola? Bakoitzak bere moduak ditu. Pelotariei aurpegira begiratzen diet nik asko; eta asko esaten du horrek. Adibidez, pelotari batek lurrera saltatu du pelotaren bila... begiratzen badizu, bigarren botean jaso du, ia beti. Begiratzen dizu, ea zuk ikusi duzun edo ez jakiteko; hori konturatu gabe egiten dute, baina asko esaten du».
Zailagoak dira, adibidez, ezker paretako goiko txapakoak, edo ezkerreko marrako pelotak. «Hor erabaki bat hartu behar duzu, eta epaile bakoitzak bere teknikak ditu. Ni, adibidez, zabaleko marratik oso urruti jartzen naiz, urrutira bista hobea dudalako. Zalantza baldin badaukat, atzeko epaileari galdetzen diot, arazorik gabe».
Atxiki batek, ondorio latzak ekarri ditzake
«Tomas Lasarte usurbildarrak atxiki bat markatu zion Patxi Ruizi orain 2-3 urte, Olaizolaren kontra buruz-buru ari zela. Sekulakoak esan zizkion Ruizek, eta hurrengo egunetan mehatxatu egin zuten, telefonoz eta abar... Enpresak ez zuen neurririk hartu, eta Lasartek oso gaizki pasa zuen. Geroztik asko aldatu dira gauzak. Gu ere gogor jarri ginen, eta orain, guk aktan jarriz gero, isun ekonomiko gogorrak jartzen dizkiete pelotariei. Hala ere, geroztik atxiki gutxiago markatzen dira, askoz».
Rekaldek dioenez, orain askoz zintzoago aritzen dira pelotariak, baina enpresatik enpresara ere ba omen dago aldea. «Asegarcekoak errespetu gehiago digute, eta hori nabarmen geratzen da».
«‘Ojo de halcón’ kamera,
ez litzateke gaizki etorriko»
Epaileentzat sistema ona dela uste du Rekaldek, Ojo de halcón esaten zaiona. «Ez litzateke txarra guretzat. ETBk erosia dauka, baina enpresek ez dute garbi ikusten. Lege batzuk ere aldatu beharko liratekeela uste dut, baina ondo aztertzekoa da».