«Herri honetako gazteek DBH Hernanin egiteko lekurik ez dute izango 2012-2013 ikasturtean, ez baitute ikastetxerik legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituenik», hala azaldu du Hernani BHIko Eskola Kontseiluak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Kontseiluak dio, duela urtebete Hezkuntza Sailak, Hezkuntza Ordezkaritzaren bitartez, Hernaniko DBHko hiru ikastetxeak bateratzeko erabakia hartu zuela. Diotenez, proiektu horren ardatz nagusia azpiegiturak hobetzea zen, eta eraikuntza berri baten beharra ikusten zenez, eraikuntza berria egingo zela esan zieten: «ikuspuntu ezberdinen gainetik, batzuen adostasunarekin eta beste batzuen zalantzekin, Hezkuntza Ordezkaritzarekin hitz eta promesa ederrekin martxan jarri zen bateratze prozesua, dekretu bidez, ikasturte berria hastearekin batera».
«Eusko Jaurlaritzako hitz eder haiek haizeak eraman ditu nonbait»
Urtebete pasa den honetan, gaineratu dute, Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta Ordezkaritzakoen hitz eder haiek, nonbait, haizeak eramanak izango direla, eta eraikuntza berriaren arrastorik ez dagoela: «larriena da ez dagoela ez adostasunik, ez planorik; aurreikusitako dirua nahikoa izango den ere ez dakigu».
«Seme-alabak dira egoera hau gehien jasan dutenak»
Oharrean esplikatzen dutenez, Hernanik DBH publiko bakarra du, eta hala denetik lanean ari dira denontzat egokia eta asebetegarria izango den zentro bat eraiki nahian: «guztiok ari gara lanean, tartean hainbat gorabehera izan arren, desberdintasunak oztopo izan ez daitezen, baizik eta aberasgarri izan daitezen. Gurasoak, irakasleak, langileak, eta egoera hau gehien jasan dezaketenak, hau da, gure sema alabak ari dira horretarako lanean».