Datozen hamar urtetarako Arau Subsidiarioak onartu dira

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 12a, 02:00

bi puntu onartu zituen asteleheneko Plenoak: batetik, Arau Subsidiarioen Berri­kus­pe­naren Testu Bateratua, eta bestetik, Txantxangorrik tiro eremuaren inguruan jarritako errekurtsoa ezeztatzea. Arau Subsidiarioak onar­tzea, datozen 10 urteetan Hernanik izango duen antolamentua onartzearen parekoa izan da. Alkateak azaldu zuenez, lau urteetako erabakirik garrantzi­tsuena da.

Aldaketa nagusiak zortzi auzoetan aurreikusten dira

Testu Bateratuaren aurreikuspenen arabera, Hernanik antolamendu ezberdina edo berria izango du zazpi auzoetan, besteak beste, ondorengo aldaketak. Alde Zaharrean bi zonalde berreskuratuko dira: Leokatik Balantxarakoa, eta Tilosetatik Izpizuarakoa. Latsunben kultur etxerako lekua gordeko da. Villas-Los Alemanes zonaldean, 3 parkeen lotura bukatuko da: Ave Maria, Mendi Mendian eta Nere Borda; etxeak ere egingo dira Alemanetan eta Antziolan. Galarretan, Parke Teknologikoa eraikiko da. Floridan, AMR kendu eta etxebizitzak egingo dira, eta lur azpiko pasoa ere egingo da. Karabel eta Portu auzoei dagokienez, etxeak egingo dira bietan. Portuko etxeek tren azpiko pasoa egitea ahalbidetuko dute, eta Karabelgo etxeek uholdeei aurre egiteko zubi berria finan­tziatzen lagunduko dute. Lizeaga eta Elizatxoren kasuan, Villa San Antonio zonaldean etxeak egingo dituzte, eta plaza, ekipamendu eta aparkaleku berriak ere aurreikusten dira. Horrez gain, Elizatxo, Portu eta Lizeagako bide eraztuna osatuko da, herriari lotura emango diona. Eta azkenik, Osiñagan, zerrategia Andolako papelera gaineko poligonora eramango da, eta Altzueta bere horretan utziko da.

2.693 etxe berri

Etxebizitzei dagokienez, Testu Bateratuak 2.693 etxe berri aurreikusten ditu. Aurreko Arau Subsidiarioek aurreikusten zutena baino 164 gutxiago egingo dira. Horrez gain, Babes Ofizialeko etxe gehiago ere egingo dira: lehen 1.348 zeuden aurreikusita, eta orain 1.461.

2010eko uztailean lehenengo onarpena, eta 2011ko apirilean azkenekoa

Testua 2010eko uztailaren 14ko Plenoak onartu zuen, hasiera batean. Ondoren, iraila osoan, eta berrogeita bost eguneko luzapenarekin geroago, ikusgai izan zen Biterin. 253 alegazio jarri zituzten eta horietatik %69a ontzat jo ziren. Hurrengo pausua 2010eko abenduko Plenoak eman zuen, testuari behin behineko onarpena emanda. Se­gi­dan abenduaren 29an bidali zioten Euskal Herriko Lurralde Antolamen­du­rako batzordeari. Tarteko informe ezberdinak me­dio, 2011ko martxoaren 10­ean egin zuen testuaren aldeko txostena. Testuari azken oniri­tzia asteleheneko Plenoak eman zion, behin betiko onartuta.

Txatxangorrik jarritako errekurtsoa ez zuen onartu

Otsailaren 2ko Plenoak onartu zuen Txantxangorri elkarteak Santa Barbara auzoan duen tiro eremua 2012an utzi beharko duela. Eta horren aurrean, elkarteak errekurtsoa jarri zuen. Asteleheneko Plenoak ordea, errekurtso hori ezezta­tzea edo bertan behera uztea erabaki zuen. Hala, Txan­txangorrik lursaila bere garaian utzi zi­tzaion egoera berean itzuli beharko du, eta egin dituzten eraikuntza guztiak bota beharko ditu. Horrez gain, Udalak jakinarazi zuen lursaila noiz itzuli behar zuen bakarrik zehaztu duela. Hortaz, Udalak ez duela aginduko Txantxangorrik jarduera noiz eten behar duen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!