Korrika goizaldeko 04:08etan iritsiko da, eta lekukoa 30 taldek eramango dute Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 12a, 02:00

iritsi da euskeraren aldeko egun haundia. Bihar goizaldean helduko da Korrika Hernanira Astigarragatik, eta 50 minutu inguruan, Her­naniko kale gehienak zeharkatuko ditu. AEKko antolatzaileak azaldu dutenez, Martin­degira 04:08ak aldera iristea aurreikusten da, nahiz eta, ohiko moduan, ordu zehatz bat jartzea ia ezinezkoa den. Oialumeko errotondan hartuko du lekukoa Her­naniko aurreneko taldeak, eta metroz metro, 30 aldiz eskualdatuko da. Aurten, orain bi urte baino bost talde gehiagok erosi dute kilometroa, 30ek hain zuzen: Martindegi, AMR, Neska korrikalariak, Udaleko langileak, Koxka elkartea, Irakasle omenduak, Molotoff, Gazte Asanblada, San Joan Kon­partsa, Urumea, Eli­zatxo, Inmakulada, Batxiller, Lan­gile DBH, Langile LH, Haur Eskola, Ereñotzu, Udal Euskaltegia, Dobera-Kroni­ka, Bertso Eskola, AEK, Kan­tuz, Urumea, Ttarla, Udala, Ezker Abertzalea, AAM, Mendiriz Mendi, Orona eta Errugbi taldeak. Korrika iritsi aurretik, AEKk Hernaniko ikastolen sorreran parte hartutakoak omenduko ditu, 03:50ak aldera Zinkoenean. Ondoren, ikastola haietako lehenengo ikasleak izan zirenek eramango dute lekukoa.


Iritsiera girotzeko: afaria, gaubela eta kalejira

Korrika goizaldean iritsiko dela kontuan izanda, Gazte Asanblada eta San Joan Konpartsa arduratu dira hernaniarrak esna mantenduko dituen ekitaldiak antolatzeaz: gaueko 21:00etatik aurrera, afaria eta gaubela izango dira Kontrakantxan, Gazte Asanbladak antolatuta; eta 03:30etan kalejira, San Joan Konpartsarekin. Azken hauek azaldu dutenez, deialdia luza­tzen diete hernaniarrei Korrikarekin bat egin, eta goizaldeko 03:30etan Plazan azaltzeko: «San Joan Kon­partsak ere bat egin du Ko­rrikarekin, eta ongi etorria emango diogu kalejirarekin».


Korrika gaur, eskoletan

Herriko txikienek ere, Ko­rrikan parte hartzeko aukera izango dute gaur. Haur Eskolako umeak 10:00etan aterako dira; herriko gazteak Korrika Gaztean aterako dira, 11:30­etan; eta txikiek Korrika Txikian hartuko dute parte, 15:00etan. Ondoren, Txoko­latada izango dute Plazan.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!