Atzo ere ikusmin haundia sortu zuen Ikurriñaren Dantzak. Dozenaka herritar izan ziren Gudarien plazara hurbildu zirenak Dantzari Festako emanaldi nagusia ikustera. Bertan, ohi bezala, Euskal Herri osoko 14 dantza taldek bat eginda dantzatu zuten. Eta ondoren, ikusleek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Emanaldian, herriko preso politikoak ere izan zituzten gogoan eta senideei lore eskaintza egin zitzaien.
Ikurriñaren Dantza eguerdi partean izan zen, baina aurretik, 14 dantza taldeak kalejiran ibili ziren herrian barrena. Auzo eta kale ezberdinetan dantza emanaldiak eskaini zituzten.
Festa ez da bukatu
Dantzari Festako egun haundia atzokoa izan bazen ere, festa ez da oraindik bukatu eta larunbatera bitarte izango da zertaz gozatu. Gaurtik ostiralera, esaterako, Euskal Jantzien erakusketa izango da Biterin, 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, baserritarren janzkerei buruzko hitzaldia emango du Ramon Garciak, asteazkenean. Biterin izango da 19:00etan. Ostegunean, Xereta ikuskizuna izango da Gero Axular dantza taldearen eskutik, 19:00etan Biterin. Ostiral eta larunbatean, berriz, Erromeria kaleetan barrena, 19:00etan. Azken egunean, Akordeoi Topaketa ere izango da, Musika Eskolarekin.