«Entsaiatzeko denbora ez dakit nondik aterako dudan. Euskadiko Orkestarekin lehenengo aldiz joko dut, eta etxean asko entsaiatu behar izaten dugu». Onintza Albeniz hernaniarrak harpa jotzen du, eta Euskadiko Orkesta Txikian ariko da, datozen emanaldietan. Hurrengo kontzertua, maiatzaren 21ean dute, 19:00etan, Gasteizko Kontserbatorioan. Elkarrekin entsaiatzen ere hasiak dira: «entsaio bat elkarrekin egin dugu, eta laster asteburu osorako elkartuko gara. Gainerakoa, etxean egiten dugu».
Albenizek, gustoko du harpa. Olatz Zugasti entzun zuen behin, harpa jotzen, eta horrek piztu omen zion harra, instrumentu hori jotzeko. 13 urte ditu Albenizek, eta Donostiako Kontserbatorioan ari da, 8 urte zituenetik. Bere adinean, punta-puntan ari da Albeniz. 2008an Estatu mailako Sari Nagusia irabazi zuen, Madrilen; 2009an Bigarren Saria, Sevillan. Orain, Euskadiko Orkestarako deitu diote, eta disko bat ere atera dute, Harpa Airean, Kontserbatorioko ikasleekin batera. Disko horretan, gainera, Aroia Arizmendi hernaniarrak flauta trabeseroa jotzen du. 12 euroan dago salgai, Elkarren.
Johann Pachelbelen Canon-a
Albenizek dioenez, musika klasikoa jotzen dute batez ere, eta berak gustokoen duena Pachelbelen Canona da. «Entzuteko ederra da, eta jotzeko ere bai». Beste musika estilo batzuk ere gustatzen zaizkio Albenizi: «denbora librean, 40 Principales entzuten dut, batez ere».
Albeniz entzun nahi duenak, aukera izango du:
-Maiatzak 1, 12:30etan, Donostiako Udalean.
-Maiatzak 21, 19:00etan Gasteizko Kontserbatorioan.
-Maiatzak 27, 20:00etan, Alderdi Ederren.
-Harpa Airean, disko aurkezpena: apirilak 14, 19:00etan, FNACen.