OSTEGUNEAN Trebiñun hasi zen Korrika, euskeraren aldeko lasterketa erraldoia. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa, eta hamaika egunez jarraian, Euskal Herria zeharkatuko du, Trebiñutik abiatu eta Donostiara heldu arte. Maitatu, ikasi, ari... euskalakari da aurtengo lema, 2.000 kilometro baino gehiagotan, Euskal Herriko herri, txoko eta bazter guztietan entzungo dena.
Hernanira Zinkoeneatik
sartuko da,
asteazken goizaldean
Euskal Herriko hiriburu gehienak pasa ostean, Iruñea, Baiona, Maule, eta Donibane Garazi hain zuzen, asteazken goizaldean iritsiko da Korrika Hernanira. Astigarragatik etorriko da, eta Martindegi eta Akarregi auzoak pasata, goizaldeko 04:00ak aldera aurreikusten da iritsiko dela Zinkoeneara. Handik, herrian barrena ondorengo ibilbidea egingo du: Txirrita, Urbieta, Latxunbe, Perkaiztegi, Karmelo Labaka, Zinkoenea, Txirrita, Elkano, Udaletxe atzea, Lizeaga, Larramendi, Plaza, Kardaberaz, Zinkoenea, Nagusia, eta Plaza. Hernani atzean utzita, Urnietarantz joango da.
Korrikari esna itxaroteko afaria eta gaubela antolatu dituzte Kontrakantxa gaztetxean, 21:00etan hasita. San Joan Konpartsarekin berriz, kalejira egingo da 03:30etan, Korrika iristen denerako herria girotuta egoteko.
Geratzen zaizkion beste hiru hiriburuetara hurrengo egunetan iritsiko da: Gasteizera apirilaren 14an, 18:00etan; Bilbora apirilaren 15ean, 16:45etan; eta edizio honetako azken geltokia Donostia izango da. Gipuzkoako hiriburuan egingo ditu azken kilometroak Korrika 17k. Goizeko 08:30etan sartuko da Donostiako kaleetan, eta 13:00etan egingo da bukaerako ekitaldia.
Eskoletan ere, Korrika
Aurten ere, Korrika nagusiaz gain, eskoletan ere egingo dira Korrikak. Haur Eskolan goizeko 10:00etan izango da Korrika; eskoletako Korrika gaztea 11:30etan abiatuko da herrian barrena; Korrika txikia berriz, 15:00etan. Korrika guzti hauetan parte hartzen dutenentzako txokolatada izango da Plazan, 16:00etan.
Korrika girotzeko, ekintzak datozen hiru egunetan
Korrika txikiez gain, datozen hiru egunetan ekintza ezberdinak izango dira Korrika girotzen joateko.
Kilometroa erosi dutenekin, bilera bihar
AEKk jakinarazi duenez, bihar bilera izango da Hernanin kilometroa erosi dutenekin, 16:30etan, AEKn (Larramendi 11).
Montaketarako jende bila
Gaur zortzi bukatuko da Korrika Donostian eta guztia prestatzeko, 08:00etatik 12:00etara, jendea behar du AEKk. Laguntzeko prest daudenek idatzi edo deitu dezatela eskatu dute: astigarraga@aek.org, hernani@aek.org, 607 610 687 edo 607 592 864.
Apirilak 11:
Jazz eta poesia emanaldia, Suzko Lilia 19:30etan, Kontrakantxan
Apirilak 12
10:00 Haur korrika, eskolan
11:30 Korrika gazte eta
kontzertuak Tilosetan
15:00 Korrika txiki
16:00 Txokolatada Plazan
21:00 Afaria eta gaubela Kontrakantxan
Apirilak 13
3:30 kalejira San Juan Konpartsarekin
4:00etan ZINKOENEAN KORRIKA 17
5:00 Gosaria Atsegindegin