Auza, monumentu megalitikoen eremua

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 10a, 02:00

Baztan bailaran, Nafarroa eta Behe-Nafarroaren arteko mugan dagoen. Auza mendira antolatu du hurrengo irteera Mendiriz Mendi elkarteak: Baztaneko gailurrik altuena izan gabe, bertako gailurrik esanguratsuena da Auza. Mendi sendo eta ederra da, eta gailarra lortzeko edozein aldetik igo beharko ditugu malda gogorrak. Gailurretik paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera dago. Gertu dira itsasaldeko gailurrak (Larrun, Aiako Harria...), baina gertu ere ikusten dira Pirineokoak (Hiruerrege Mahaia, Anie...).

Auza gailurra, harri gorrixka bereziz josia
Auzako gailurra oso gailur bitxia da. Inguru hauetako harri gorrixka berezi horrez egina da, hau da, harrizko losez josita dago gailurra. Batzuk zutik, besteak etzanda. Norbaitek nahita jarrita daudela dirudi, lamiek edo sorginek agian... baina ez, naturaren bitxikeria da. Ibilaldi osoan harri gorrixka izango dugu lagun nonahi. Harri gorrixka honekin eraikiak daude Baztan bailarako baserri eta hirietako etxe gehienak eta harri mota horrek ematen die herrixka horiei duten ´kolore` berezia. Ibilbide honetan Iñarbegiko trikuharria eta Elorrietako mairubaratzak edo harrespilak ikusteko aukera izango dugu.

600 monumentu inguru
Baztanen 600 bat monumentu megalitiko (´mega`, handi, eta ´litos`, harri) ezagutzen dira. Orain dela 5.000 urte hasi eta erromatarrak etorri artean bailara honetan kokatu ziren, lehendabiziko ekoizleek eraikiak izan ziren. Zaharrenak Trikuharriak dira. Hilobi kolektibo hauek 6 eta 12 metroko diametroa eta 0,5 eta 2 metroko garaiera artean izaten dituzte. Kalkolito eta Brontze Aroan zehar asko hedatu ziren Baztanen. Ekialderantz orientatuak, beraietan hilen gorpuzkinekin batera harrizko eta metalezko armak, lanabesak, apaingarriak eta zeramikak ipintzen zituzten, ziurrenik beste bizitza baten itxaropenean. Gero K.A. azken milurtekoaren erdi aldean (Burdin Aroan), indoeuroparren azken etorrerarekin batera, errausketa erritoa zabaltzen da Euskal Herrian eta horren lekuko ditugu mairubaratzak edo harriekin eginiko biribilak. Zirkulu horietako bakoitzaren erdian hildako baten errautsen zati bat gordetzen zen. Hildakoaren errausketa beste leku batean egiten zen eta gero hona ekartzen zituzten errautsen zati bat. Errautsak zuzenean lurrean ipintzen zen harriz eginiko kaxa moduko batean edo zeramikazko ontzi batean jartzen ziren. Gero harri txiki multzo handi batekin estal­tzen ziren. Neurri ezberdinekoak aurki daitezke 2 metroko diametrotik hasi eta 12 metrotarainokoak. Baztanen Burdin Aroan eraikitako monumentu megalitiko ederrenetariko bat Elorrietako mairubaratzak dira. Eraikuntza megalitiko hau tamaina eta egitura desberdineko hogei mairubara­tza baino gehiagoz osatua dago. Adituen ustetan horrek esan nahi du garai hartan iada bazela gizarte hierarkizatu bat. Gaur egun mairubaratza gehienen erdian ikusten diren zuloak hilobi hauek profanatuak izan direla esan nahi du. Kondaira askok zioten mairubaratzetan altxor handiak gordetzen zirela eta ideia horrek bultzatuta izan dira profanatuak historian zehar.

Nola iritsi gailurrera?
Izpegiko mendatean dagoen aparkaleku ondotik, bertan jaiotzen den bidezidorretik abiatuko gara. Margo zuri eta berdez markatuta dago eta Elorrieta adierazten duen poste adierazlea dago.. Itzaletik irteterakoan Nekaitz lepora iristen gara. Hemendik Auza aurre-aurrean dugu eta gure eskuinean Olateko gailur harritsua. Bideak pixka bat behera egiten du eta berriz gora eginez berehala gara Elorrietako lepoan. Berriro pagadian barrena, bideak gogor egiten du gora. Hesi baten albotik doa bidea eta ezkerrean amildegia dago. Basotik irten eta gora jarraitu behar da Harrigorriko gailurtxoa (1.113 m) eta Auza artean dagoen Harrigorriko lepora iritsi arte. Azken aldapa geratzen da. Gai­lu­rre­ra igotzeko bi aukera daude. Lehe­na lepotik, malkar gogorretatik, zuzen igotzea da. Bigarrena, erosoagoa, mendia ezkerretik inguratzen duen bidezidorra hartzea da. Gailurrean indarrak berritu eta atzera egingo dugu eta berriro Harrigorriko le­pora jaitsiko gara eta hemendik, hego-ekial­dera jarraituz, Lezetako lepora. Go­go­tsu dagoenak Antxola (1.120 m) igo dezake, lepotik ordu laurden eskas behar baita. Hemendik hego-mendebaldera egin eta, Erregarriko muinoa eskuinetik inguratu ondoren, Mazako soroetara iritsiko gara. Bidea zehaztu egiten da hemen eta erosoagoa da jarraitzea. Iñarbegi aldera jaisten jarraitzen dugu. Bailararen beheko aldera iritsi baino lehen Iñarbegiko trikuharria aurkituko dugu. Hemen PR-7 ibilbidearekin egingo dugu topo. Asfaltozko bidean hego-ekialdera egin behar da. Berehala bideak bira handi bat eginez errekaren beste aldera eramaten gaitu eta bailara jarraituz iparraldera egiten du. Apur bat aurrerago gaztainondoen artean doan bidezidorra hartuko dugu. Ondoren, Gorostopalora igo behar da. Horretarako harriztatutako bidea hartu eta auzoaren sarreran dagoen Doloretako Amabirjina baselizara iritsiko gara. Metro batzutara bukatzen da ibilbidea.

Datu interesgarriak

l Distantzia: 14 Km.
l Denbora: 6-7 ordu.
l Desnibela: 650 m gorantz; 950 beherantz.
l Gailurrik altuena: 
Auza (1.306m).
l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
l Mendiriz Mendik apirilak 17an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!