Jazza eta poemak, bihar Kontrakantxan

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 10a, 02:00

Hedoi Etxarteren ‘Suzko lilia’ poesia liburuan oinarrituta, jazza eta poesia uztartzen diren emanaldia izango da bihar, 19:30etan, gaztetxean. Etxarte bera bertan izango da.

Suzko lilia, jazza eta poemak uztartzen dituen emanaldia izango da bihar, Kontrakantxa gaztetxean, Korrika Kultura­laren barruan. Hedoi Etxartek argitaratutako poema liburuan oinarrituta, Etxartek berak eta Andoni Arcillak olerki erre­zitaldia egingo dute jazzaren laguntzaz. Arcillarekin batera, Hasier Oleaga eta David Ruiz arduratuko dira musikaz. Emanaldia 19:30etan izango da. Suzko Lilia poesia liburua 2008ko irailean argitaratu zuen Hedoi Etxartek (Susa 2008) eta maitasuna dago poemen sakonean. 

Beharra eta gogoa

iristean esan zenidan
`isiltasuna ere musika da`

entsaladaren aurretik
`hutsunea ere espazioa da`

ostean
`beltza ere kolorea da`

kafean
`operazioa egitean min egiten badizute ere
sendatzeko tenorean gertatzen da hori`

alde egin baino lehen esan zenidan
`adarrak jarri nizkizun
baina zu bakarrik zaitut maite`

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!