ALEX RAMOS ETA ITSASO IRAZUSTA: «Alabak lagundu dit nire hizkuntza berreskuratzen»

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 9a, 02:00

Alexek eta Itsasok bi alaba dituzte: Alazne, 7 urtekoa, eta Araitz, 3 urtekoa. Itsaso berez euskalduna da, guraso euskaldunak ditu, baina lagun erdaldunak egin zituen eskolan eta euskara erabiltzeko ohiturarik ez du izan urtetan. Alexek, berriz, Eskola Publikoan bakarrik jaso izan zuen euskara, astean bi orduz, frantsesa edo ingelesa bezala. Bikote arteko hizkuntza gaztelera izan da be­ti, baina egoera aldatu egin zen Alazne jaiotzearekin. Alex euskara ikasten hasi zen eta Itsaso, berreskuratzen. «Ni Alaznegatik, alabagatik hasi nintzen. Orain dela 6-7 urte AEKn hasi nintzen eta pixkanaka-pixkanaka euskal giroan sartu naiz», dio Alexek. Itsasok, berriz, hala gogora­tzen du: «Nik pentsatzen nuen: ni euskalduna naiz eta nik euskara nahi diot erakutsi nire alabari, baina galtzen ari naiz. Eta nire kasuan, nire bikoteak ere ikusten zuen gure hizkuntza dela eta bera euskaltegian sartuta, euskal giro horretan sar­tzen hasi ginen. Niri alabak lagundu dit nire hizkuntza berreskuratzen».

«Etxean euskal giro hori ikusi behar dute umeek»
Seme-alabek euskaraz ikasteko eta hitz egiteko garrantzitsua dela uste du­te gurasoek ere erabiltzea. «Etxean euskal giro hori ikusi behar dute. Zaha­rrena orain hasi da erdaraz gehiago hitz egiten eta euskaraz egiteko esaten diot. Orduan, berak guri erdaraz entzuten digunean segituan esaten digu. Eta arrazoia dauka. Nik esaten badiot euskaraz egin behar duela guk ere egin behar dugu», azaldu du Itsasok. Kalean edo helduekin aritzea haurrekin aritzea baino gehiago kostatzen zaiola ere aitortu du Ale­xek: «Haurre­kin lotsa gutxiago ema­ten du hanka sartzeak». Eta umeak berak euskaraz ikasten lagun­tzen duen galdetuta, beraien kasuan baietz dio Lasarteko bikoteak: «Alaz­nek bai, zuzentzen nau: Aitatxo hau ez da horrela esaten. Horrela eta horrela esaten da», azaldu du Alexek. «Adina­ren araberakoa da. Orain uler­tzen du baita ere aita euskaraz ikasten ari dela eta lagundu egin behar diogula eta bera ere saia­tzen da laguntzen. Eta nik uste dut hemendik aurrera gehiago lagunduko duela, bai berari eta baita niri ere», gaineratu du Itsasok.

«Euskara ikasteko, erabili egin behar da eguneroko ­bizimoduan»
Lasarte bezalako herri batean, giro euskalduna bilatzeko arazorik ez da­goela diote biek, norberak nahi izatea dela kontua. Hala azaldu du Alexek: «Zuk nahi baldin baduzu, badago aukera. Eskolako ekintza ezberdinen bidez, Solas­kideren bidez… Aukera ezberdinak dituzu euskaraz aritzeko. Ez bakarrik euskaltegiak. Izan ere, jende asko joaten da bi orduz egunero euskaltegira eta gero handik aurrera akabo euskara. Eta nire­tzat horrek ez du balio ikasteko. Euskara erabili egin behar da eguneroko bizimoduan». «Eta norberak ere bilatu egin behar du jende euskalduna. Norbera mugitu behar da», dio Itsasok. Euskara ikasi eta ohitura alda­tzea erraza ez den arren, beraien ka­suan egon daitezkeen gurasoak euskararen aldeko pausua ematera ­anima­tzen dituzte, ahaztu gabe norberaren inplikazioa dela ga­koa.

AMAIA ARREGI ETA JON IRAOLA: «Seme-alabei euskara eman nahi genien, guk jaso genuen bazala»

Amaiak eta Jonek 12 urteko alaba, Arrate, eta 9 urteko semea, Jokin, dituzte. Amaia eta Jon familia euskaldunekoak dira eta beti hitz egin izan dute euskaraz etxean. Gaz­tetan, ordea, Institutu garaiko urtetan, hain zuzen, gazteleraz aritzen ziren etxetik kanpo, koadrilan, lagun artean eta baita beraien bien artean ere. «Inkoszienteki» egindako zerbait izan zela diote, «makarra garai bat». «Ohitura zegoen kal­ean gazteleraz egitekoa nahiz eta gehienok euskaraz jakin. Hernanin oso giro erdalduna izan da urte askotan». Ohitura aldatu egin zuten, batez ere, seme-alabak izandakoan. «Elkarrekin bizitzen jarri ginenean, ez dakit, agian norberaren etxea delako edo, euskara zaintzen hasi ginen. Eta seme-alabekin oraindik gehiago. Argi genuen seme-alabei euskara transmititu nahi ge­niela, gure hizkuntza, guk jaso genuen bezala».

«Euskara erabiltzeak duen garrantziaz jabetu eta esfortzu txiki bat egitea besterik ez da»
Horrez gain, beraien inguruko jendearen artean aldaketa izan dela diote: «Lehen gehiago ge­nu­en erdaraz aritzeko ohitura. Harremanak ere zabaldu egiten dira umeen inguruan eta sortzen diren harreman horiek gehiago dira euskal girokoak. Etapa bat izan da umeak eduki aurrekoa. Umeak edukitze horrek aldatu egin zuen ohitura hori, gure in­guruan. Eta guk bizitakoa, askok bizi izan dute. Momentu bat iristen da konturatzen zarena zer garrantzia duen euskara erabil­tzeak eta seme-alabekin gehiago, euskara bultzatu nahi badugu behin­tzat. Seme-alabei transmititzea iruditzen zaigu ezinbestekoa. Beraiek etxean jasotzen dutena barneratzen dute». Eta alde horretatik koheren­tziaz jokatu behar dela diote: «Ez da seme-alabei euskaraz egitea bakarrik. Gainerakoekin ere euskaraz hitz egitea da kontua, umeek hori sumatu egiten baitute: Nire gurasoek beraien lagunekin erdaraz egiten dute. Nire amak bere amarekin erdaraz… eta gero guri etxean euskaraz hitz egiteko esaten digu. Koherentzi pixka bat behar da. Egia da gazteleraz egiteko ohiturak oraindik hor jarraitzen duela eta zaila dela ohitura horiek aldatzea, baina euskara erabil­tzeak duen garrantziaz jabetu, kontzientzia hori hartu eta esfortzu txiki bat egitea besterik ez da». Dena dela, oso baikorrak direla azpimarratu dute: «Urte batzuetatik hona ikusi dugu Hernanin euskara gehiago en­tzuten dela eta maila igo egin dela. Orain dela 20 bat urte ez zen euskaraz hainbeste hitz egiten kalean, koadrilen artean, lagunen artean… Eta guk momentu honetan ez dugu ezagutzen inor, euskaraz dakienik eta bere seme-alabari transmiti­tzen ez dionik».

DATUAK
Azken urteotan, gero eta gehiago dira etxean haurrei euskara irakasten dieten familiak. Baina, Eusko Jaurla­ritzak egin berri duen inkestan jasotzen de­nez, EAEko biztanleen erabilera, jarrera eta politikak aztertzen ditu inkesta ho­nek, elebidunak diren biztanleen ar­tean %17 dira euskaraz errazago hitz egiten dutenak, eta %61 dira gaztelaniaz erosoago aritzen direnak. Beren artean nagusiki euskaraz ari diren gu­rasoak ere %16 dira. Etxeko hiz­kun­tzak (helduen artekoak) erabakitzen du, neurri handi batean seme-alaben erraztasuna eta, ondorioz, erabilera.

Joseba Sarrionandia - Idazlea
«Euskarak ez du oraindik bizileku habitable bat, dena egiteko dugu. Euskararen paradoxarik larriena da, euskara eus­kaldun guztien patrimonioa dela, baina, aldi berean, gutxi batzuen hizkuntza. Ahalegindu behar dugu euskarak izan dezan lekua, izan dadin zernahitarako era­­bilgarria».

Iñaki Larrañaga - Soziologoa
«Kezkagarria da, jatorriz euskaldun izan eta euskaraz egiteko gaitasuna duen hainbat jendek erdaraz aritzeko duen joera tamalgarria. Hor nire ustez gaitz gaizto bat dugu. Oraingo egoera beste diglosia mota bat da. Nik neure familian bizi dut egoera hori. Gure ondorengo belaunaldikoek, nahiz senar emazte edo guraso gazte, nahiz ezkongabeak, guztiak euskaldunak izan arren barra barra erdaraz hitz egiten dute. Gurekin eta haurrekin hitz egiteko erabiltzen dute euskara. Eta gehienak ikastolatik pa­sa­takoak dira... Zer gertatzen da hor?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!