Dantza-plaza haundi bat izango da Hernani larunbatetik aurrera, zortzi egunez. Dantzari txikiak izango dute protagonismoa larunbatean. Igandean erromeri haundia espero da Hernaniko auzoetan, eta 14 talde etorriko dira Euskal Herriko 7 probintzietatik. Erromeriak eta ikuskizunak... eta garai bateko jantziek leku berezia izango dute: erakusketa bat eta hitzaldia antolatu dituzte, horren bueltan.
15garren urtez antolatu dute aurten. Bertako dantzariak eta kanpokoak, herrian bertan eta auzoetan, ikuskizunak eta parte hartzeko ekitaldiak... dantza-zaleak, izango du non gozatu, larunbatean hasi, eta hurrengo larunbatera arte.
Txikitik haundira
Pauso txiki baina arinak izango dira larunbatean, festa hasteko. Hernani eta inguruko dantzari txikienak etorriko dira Hernanira. 6 talde ariko dira goiz eta arratsalde.
Festa haundia, igandean izango da, Euskal Herriko 14 talde etorriko baitira Hernanira. Auzoetan dantza giroa jarri, eta 13:30etan elkartuko dira denak Gudarien plazan, Ikurriña Dantza egiteko. Arratsaldean, Erromeria, Hernaniko kaleetan.
Ikuskizunak larunbatetik
Ikuskizun bereziak ere antolatu dituzte. Larunbatean Korrontzi&Oinkarik Infernuko Hauspoa ekitaldia emango du. Ostegunean Xereta ikuskizuna izango da, eta ostiralean Erromeria, Alkarbideko dantzari ohien eskutik.
Apirilaren 16an, Hernaniko Musika Eskolarekin Akordeoi Topaketan parte hartuko dute, eta erromeria egingo dute, 19:00etatik aurrera.