«Animalien ordenantza, Atez Atekoaren porrota ezkutatzeko da eta berehala kentzeko eskatzen diogu Alkateari»

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 5a, 02:00

Estefania Morcillo Her­na­niko alkatetzarako hautagai sozialistak, animalien ordenantza berehala kentzeko eskatu dio Alkateari eta Atez Ateko sistemaren porrota ezkutatzeko dela azaldu du: «Atez Atekoa jarri aurretik, zakurren jabeek kakak bil­tzen zituzten eta zakarron­tzietara botatzen zituzten; baina zakarrontziak kenduz geroztik, jendeak kalean uzten ditu edo poltsatxotan bilduta edozein ixkina edo zuhaitz ondotan».
Animalien ordenantza os­te­gunean onartu zuen Plenoak Gobernu Taldearen eta Ezker Batuaren aldeko botoekin.  PSE-EEk eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten. Or­denantzaren arabera, Udal­tzainek kaleko zakur kaken muestrak hartuko dituzte, horiei ADN proba egingo zaie eta dagokien zakurren jabeei isuna jarriko zaie. Udalak hartutako neurri berria salatzeko, herritar talde batek kontzentrazioa egin zuen ostegunean bertan. Morcillok jakinarazi du taldeko ordezkariekin bilduko dela.

Kontenedore bidezko
sistema

Zakarrontziak kentzeak par­ke guztiak kakaz beteta egotea eragin duela dio Morci­llok eta Hernaniko politika, zentzuak gidatu behar duela azpimarratu du. Bide horretan, atez ateko hondakin bilketa sistema bertan behera uzteko eskatu du berriz, eta ahal den azkarren kontenedore bidezko sistema berreskuratzeko, bosgarren kontenedorea gehituta.
Udalak hartu duen neurri berriari dagokionean, azaldu du, ADN probak egin ahal izateko, jabeek aurretik za­ku­rren ADN proba egin behar dutela, horren kostua 35 eurokoa izanik eta derrigorrezkoa. «Proba hau ez egitea falta arina izango da eta isuna 60 eta 300 euro artekoa izango da. Atez Ate­koa eta ADNaren ordenan­tza, Hernanin darabilten politikaren beste bi adibide dira; alegia,  herritarrak zi­gor­tzea isunen bidez».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!