Emakumeak protagonistatzat hartuta, Lankidetza Jardunaldiak antolatu dituzte aste honetan Hernaniko Udal Lankidetza Arloak eta Kooperazio Taldeak elkarlanean, eta bihar, Tibet eta tibetarren egoerari buruzko hitzaldia eta dokumentala izango dira, 19:00etatik aurrera, Biterin.
Tibet erbestean: herri baten duintasuna izeneko hitzaldia emango du Chungdak Koren emakume tibetarrak. Generoaren ikuspegitik, bere herriaren egungo egoerari buruzko azalpenak emango ditu. Txina Tibeten sartu ostean, 1959an milaka tibetar exiliatu ziren Indiara. Eta egun, 150.000 errefuxiatu inguru dira. Txinako gobernuak tibetarren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituela salatzen dute. Exilioan, berriz, nazio hau berrantolatu egin da.
Tibetarren etengabeko borroka
Dokumentala, Hodeien atzean eguzkia izenekoa, tibetarren etengabeko borrokan zentratzen da. Batzuk Tibetar herriaren independentzia lortu nahian, beste batzuk benetako autonomia... baina denek, euren giza eskubideen errespetua aldarrikatzen dute. 2008 eta 2009 urteetan grabatu zuten Ritu Sarin eta Tenzing Sonamek.
Argazki erakusketa, Biterin
Jardunaldien barruan, argazki erakusketa dago ikusgai Biterin, apirilaren 12ra arte. Bertan, Juan Ramon Llavori argazkilari zumaiarrak Indiako Sikkim-go eskualdean ateratako argazkiak ikusi daitezke, eta besteak beste, 2008an tibetar errefuxiatuek Tibetera sartzeko antolatu zuten martxaren irudiak.
Tibeti buruzko hiru jarduera horiek, Phagma Drölma GKEk (ONG) antolatu ditu Udalaren babesarekin.
Indiako emakume
arrantzaleei buruzko
hitzaldia, atzo
Calcuta Ondoan GGKEk berriz, Itxaropen ozeanoak izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo Biterin. India hegoaldeko emakume arrantzaleek, etxean eta etxetik kanpo bizi duten egoera gogorra azaldu zuten Sherly Kutty eta Mary Babuk, besteak beste. Beren eskubideak defendatzeko taldea sortu dute eta horren berri ere eman zuten.