HERNANIN herritar asko eta asko dira, jatorriz, Extremaduratik etorritakoak, eta gaurkoa da, urte guztian zehar bizi duten egun berezienetakoa. Euren jaioterria, kultura eta gastronomian Hernanitik mugitu ere egin gabe murgiltzen dira, Extremadurako Jardunaldietan. Bi helbururekin antolatzen dituzte: bat, aipatutakoa, eta bestea, eurek sentitzen eta ezagutzen duten hori besteei erakustea.
Jardunaldiak orain hemeretzi urte antolatu zituzten aurreneko aldiz Hernanin, eta ordutik, arrakasta haundituz doa urtertik urtera. Atzo, Biterira gerturatutakoek Extremadurara bidaiatxo bat egiteko txoko bikainak ikusi zituzten, bideo emanaldian: Guadalupe hegoaldeko zonaldea, Merida, herri txuriak, Jerteko gereziondoak loretan...
Jardunaldietako egun haundia berriz, gaurkoa da, janaria, edaria eta folklorea protagonista izango diren eguna.
Almendralejoko ardoak, txorizoa, odolkiak, gozoak...
Jana eta edana izango dira gaurko protagonistak Atsegindegin, guztiak Extremaduratik ekarriak. Goizeko 10:00etatik aurrera, edateko, Almendralejoko ardoak izango dira aukeran, bai txuria eta bai beltza, eta baita Jerteko gerezien likorea, eta Esparragosa de la Serenako ardoak ere. Jateko berriz, txorizoa, udaiazpikoa, odolkiak, gozoak, piku bonboiak, ahuntz gazta, olioa... danetatik. Gainera, produktua bera osorik ere jarriko dute salgai.
Jana eta edana nahi adina den tokian, girotzeko musika ez da urruti izaten. Kasu honetan, Extremadurako dantza eta koru ikuskizunak eskainiko dituzte, goiz eta arratsalde. Ikuskizunak Donostiako Extremadura Etxeko kideek eskainiko dute, Virgen de Guadalupe taldekoek. Emanaldiak eguerdiko 13:00etan eta arratsaldeko 17:00etan eskainiko dituzte.
Azkenik, Caceres eta Badajozeko txokoei buruzko liburuak eta informazio turistikoa ere jarriko dute eskura, postu batean: Meridako anfiteatroa, Guadalupeko amabirjina edo Trujilloko zonaldeari buruzko informazioa izango da, besteak beste.