Alfonso del Val eta Juan Marc Simon Hernanin izan ziren atzo, Zero Zabor taldeko kideek gonbidatuta. Erraustegiaren kontra hitz egingo dute biek, gaur, 10:30etan, Usurbilgo Sutegi Aretoan, eta Zero Zabor Jardunaldien barruan.
«Valdemingomezek airera bota zituen %1.480 dioxina eta furano gehiago»
Alfonso del Val izan zen perito judiziala, Valdemingomezko erraustegiko auzian, Madrilgo komunitatean. Del Valek dioenez, Valdemingomezko erraustegian 8 urtez aritu zen lanean, eta kontrol arazo haundiak ikusi zituen. «Valdemingomezen 16 analitika egin ziren. Airera zenbat dioxina eta furano botatzen zituen neurtu zen 16 aldiz, eta 11 alditan gainditu egin zuen legeak uzten duen kopurua. 11 aldi horietatik, 5-6 alditan izugarri gainditzen zuen legeak uzten duen kopurua; eta aldi batean ikarragarria izan zen: %1.480 aldiz gainditu zuen legeztatutako kopurua. Horrez gain, seguritate falta izugarria zen, eta kontrol falta ere bai. Halaxe esan zuen Guardia Zibilak ere, bere txostenean».
Valdemingomezko kasuari buruz luze hitz egiten du Del Valek. Auzia bertan behera utzi zuen Gema Gallego epaileak, eta Del Valek dio erabaki erabat interesatua izan zela. «Erraustegiaren aldekoek ez zuten informaziorik aportatu, soilik analitika batzuk, dena perfekto zegoela ziotenak. Ez analitikak nola eta noiz egin ziren, ez ezer. Guk 16 analitikak presentatu genituen, nola, noiz eta zeinek egin zituen zehazten zutenak; horrez gain, Guardia Zibilaren txostena zegoen, irregularitate pila bat azpimarratzen zituena... eta hala ere, artxibatu egin zuen auzia, froga faltagatik».
Del Valen ustez, erraustegi modernoagoa izan edo ez, beti gertatuko dira arazo horiek. «Izan bigarren, hirugarren edo laugarren generazioko erraustegiak, arazoak izango dira ziur».
Bi hitzaldi, gaur
Bi hitzaldiak hauek dira: Errauste planta batek eragindako kutsadurak eta hauen kontrolak, Del Valen eskutik. Errausketaren kontrako eta Zero Zaborren aldeko mugimenduak Europan eta munduan, Joan Marc Simonen eskutik.