Doinu fin eta biziak entzungo dira gaur Milagrosan, goiz eta arratsalde. Doinu guztien artean, gutxi batzuk nabarmenduko dira: bizienak eta finenak. Txistulari Gazteen VII. Txapelketa dute gaur, izan ere, Hernanin; sona haundiko txapelketa da Hernanikoa, eta kanpotik gazte asko etorriko dira. 16 urte bitarteko gazteak ariko dira, bakarka eta taldeka, txistua eta atabalarekin. Goizean, bakarka neurtuko dituzte abileziak, 11:30etan hasita, eta bi mailatan. A kategorian, 12 urte arte. B kategorian, 13-16 urte arte. Arratsaldean, taldeka ariko dira zein baino zein, 17:00etatik aurrera. Ondoren, saribanaketa egingo dute.
30 gazte, eta 8 talde
Erreferentzia polita bihurtu da Hernaniko txapelketa, Euskal Herriko Txistulari gazteentzat. Gero eta gazte gehiago apuntatzen dira txapelketa honetara: aurten banaka 30, eta taldeak 8; iaz, banaka 24 eta 6 talde. Herri hauetatik etorriko dira txistulari eta atabalariak: Arrasate, Atarrabia, Azpeitia, Bera, Bilbo, Donostia, Durango, Etxalar, Gasteiz, Hernani, Irun, Iruña eta Zestoa.
Maila polita espero da gaurko txapelketan, eta iaz punta-puntan ibilitako txistulari batzuk ere badatoz.
Txistu doinuak kaleetan, bihar goiz eta arratsalde
Txistularien Topaketa dute bihar, eta goiz eta arratsalde, kalean entzun ahal izango dira txistulariak. 10:00etan kalebuelta egingo dute, Kaxkoan eta inguruan. 12:30etan Ttun-ttuna Plaza Berrin (euria bada, Arkupetan). 18:00etan, kalejira eta dantza soinuak herriko kale eta plazatan. Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Antiguoko txistu eta tronpeta joleak.
Hernaniko Udal Musika Eskolako Txistulariek antolatu dituzte bi egunak, beste bi talderekin batera: Udal Txistulari Taldea eta Euskal Herriko Txistulari Elkartea.