Animalien Ordenantza onartu zuen atzo Plenoak. Zakurrei ADN proba egin beharko diote nagusiek, beraz, eta zakur-kakak analizatuko ditu Udalak, aurrerantzean. Horren kontrako alegazioak ez ziren onartu, eta Gobernu Taldearen eta Ezker Batuaren aldeko botoarekin onartu zen Ordenantza. Oposizioko gainerako alderdiek kontra bozkatu zuten, herritarren alegazioak onartu ez direlako.
Etorkinen eskubideak,
hauteskundeetan
SOS Arrazakeriak taldearen mozioa aurrera atera zen atzo. PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren, eta gainerakoek alde bozkatu zuten. Mozioak kritikatu egiten du, gaur egun etorkinek boto-eskubiderik ez daukatela hauteskundeetan, aurreko urteetatik aldaketa batzuk izan badira ere. Aurten 2.200 etorkinek bozkatu ahal izango dute Gipuzkoan, baina herrialde jakin batzuetakoak badira. Mozioak dioenez, hori pozgarria da, neurri batean, baina baztertu egiten ditu etorkin asko eta asko. Horregatik, boto eskubidea etorkin guztiek izatea eskatu eta bilatuko du Hernaniko Udalak.
«Hondakinen kudeaketa egiteko orduan, osasunak dauka prioritatea»
Hondakinen kudeaketari buruzko mozioa ere onartu zuen Plenoak, Gobernu Taldea eta EBren aldeko botuekin eta gainerako alderdien kontrakoarekin. Mozioak honakoa dio, laburtuta: «hondakinei buruzko eztabaida puri-purian dago. Birziklatzen ez diren hondakinak nahastu eta zabor bilakatzen dira, eta horren aurrean bi alternatiba daude. Batzuek erraustegia jartzea defendatzen dute, eta horrek 580 miloi euroko kostua izango du, eta Udalok hori kezkaz ikusten dugu. Bestetik, badaude sistemak %80tik gorako bilketa selektiboa lortzen dutenak, eta hondakinen arazoari erremedioa ematen diote. Horregatik Udal honek prioritatea emango dio gipuzkoarren osasunari, hondakinak kudeatzeko garaian, eta ingurumena kaltetu dezakeen edozein sistema baztertuko du. Isurketa toxikoak izango dituen edozein sistema baztertzen du Udalak, %80tik gorako bilketa selektiboa lortzen duten sistemak badirelako. 3 urteko moratoria eskatuko dugu erraustegiarentzat. Erraustegiak 580 miloi euroko kostua du, beraz, larritzat jotzen dugu horrek Udal honi eragingo dion menpekotasun ekonomikoa. La Caixari, Banestori eta EIBri eskatzen diogu, ez finantziatzeko proiektu hau, laposturik lortu ez eta kalte haundiak sortzen dituelako».
Larrialdietako laguntza soziala, herritar guztiei
EAJk proposatutako mozioa ere onartu zuen Udalak. Eusko Jaurlaritzak erregulatu egin du larrialdi sozialetako laguntza eskatzea. Hernaniko Udalak exijitzen dio Jaurlaritzari, laguntza hori emateko, beharrezkoa duten herritar guztiei.
Ereñotzuko Auzo Udalari dagozkion eskumenak ematea ere onartu zuen Plenoak, eta Hildakoei omenaldi zibilak egiteko Ordenantza ere bai.