«Herritarren berotasuna behar dugu Zubipen. Animoak eman eta azken txanpa honetan bultzada emateko, Zubipera jaisteko deia egiten diegu», hala eskatu diete hernaniarrei hiru beteranok: Iñigo Olasagasti kapitainak, Axier Mingok eta Haritz Lujanbiok. Taldearen izenean hitz egiten dute, eta iniziatiba berri bat ere jarri dute martxan jendea erakartzeko: «taldeko jokalariek 3 euroko sarrerak ditugu salgai. Txartelak partidua ikusteko eta nahi adina garagardo edateko balio izango du. Txiringito bat montatu eta kañero bat jarriko dugu bertan. Azken urteetan ez bezala, orain taldearen erdia baino gehiago Hernanikoak gara, eta hori nabaritu egin behar da gaur, Zubipeko harmailetan».
Pasajes eta Real Unionen kontrako partiduak, klabeak
Ikusleak beti dira ongi-etorriak Zubipen, baina deialdi hau egiteak badu arrazoi bat. Hernani denboraldiko azken txanpa ari da jokatzen, eta hirugarren mailarako igoera lortzeko aukera haundia da: «Zazpi partidu geratzen dira, eta lehenengo postuetan gauden Real Unionek, Pasajesek eta Hernanik elkarren kontra jokatuko dugu datozen partiduetan, beraz, inorentzat ez da erraza. Guk gure alde dugu etxean izango direla, eta orain arte, Zubipen irabazten ari garela. Guztiak dena irabazten ari gara, eta gure arteko partiduetan erabakiko dela uste dugu».
Azken lau urtetan egindako bi saiakeren ostean, ilusioz dago taldea: «igotzeak ilusio haundia egingo liguke. Gure betiko taldearekin hori lortzea polita litzateke».