Hernaniko emakumeek lan munduan izan duten garrantzia erakustea, aurtengo Bekaren helburua

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 31a, 02:00

«Historiako liburuei begiratuz gero, ez dirudi emakumeok biztanleriaren erdia izan garenik. Emakumeek ar­lo sozial, ekonomiko eta poli­ti­koan egindako ekarpena eza­­­gutu eta beraien lana ikustarazteko lan izugarria dago egiteko». Halaxe diote Herna­niko Uda­leko Berdintasun Sai­lak eta Berdintasun Kon­tseiluak eta hori horrela, Her­nani mailan urrats batzuk eman nahi izan dituzte, hainbat Ikerketa Beka­rako deialdiak eginez. Aurten, hain zuzen, hirugarren Ikerketa Bekarako deialdia egin dute: Hernaniko emakumeen papera lan munduan: argazkietan oinarritutako azterketa. Beka honen helburua da, Hernaniko historian zehar emakumeek lan munduan egindako lana azalera­tzea. Horretarako, 1975 urtera arteko argazkiak bildu eta horien gainean egin beharko da ikerlana. Beka eskatzeko, lan proiektua apirilaren 29a baino lehen entregatu behar da Udal Erregistroan. Bekara bakarka edo taldean aurkeztu daiteke eta proiek­tuak eta lanak euskeraz edo gazteleraz egin daitezke. Epaimahaiak aukeratutako proiektua lehiaketa egin on­dorengo hilabeteetan hasi beharko da, eta ikerketaren azken txostena, 12 hilabete igarota aurkeztu beharko da. Bekaren kopuru ekonomikoa 7.000 eurokoa izango da.

2003an, lehenengo Beka
Emakumeek Hernaniko histo­ria­ri egindako ekarpena azaleratzeko helburuarekin, hiru Ikerketa Beka deialdi egin ditu Hernaniko Berdin­tasun Sailak. Lehenengoa 2003an egin zuen. Sei proiektu aurkeztu ziren eta horien artean honakoa aukeratu zuen epaimahaiak: Gerra Zibi­la eta Industrializazioa bitartean (1936-1975) Hernaniko emakumeek bizirauteko bilatu zituzten estrategiak. Egileak lau izan zi­ren: Usoa Barrutiabengoa, Ne­rea Elias, Araitz Rodriguez eta Garoa Gonzalez. Lan horretan, 36ko gerratik industrializaziora bi­tar­teko ga­raia aztertu zuten, Hernaniko emakumeek bideratu zituzten hiru bizi-estrategia ardatz hartuta: nekazal produktuen merkaturatzea, es­traperloa eta apopilotza. Lan hori liburu bihurtu zen, bi hizkuntzatan: Ahotsak. Ema­kumeak historian. Hernani (1936-1970) eta Voces. Mujeres en la historia. Hernani (1936-1970).

Emakumea, XVI-XIX mende artean
Bigarren deialdia 2005ean egin zen. Deialdi hartara lau proiektu aurkeztu zituzten. Horietatik honakoa aukeratu zuen epaimahaiak: Una historia de mujeres: Estudio sobre la situación femenina en la vida pública de Hernani entre los siglos XVI y XIX. Miren Aintzane Egiluz portugaletearra izan zen egilea. Lan horretan honako ondorioa atera zuen, besteak beste: «Ema­ku­meen trataera publikoa lau mende horietan oso kontserbadorea izan zen hasiera hasieratik. Ideia patriarkal eta tradizionalak ziren nagusi eta ez zen ia aldaketarik izan ez Ilustra­zioarekin ez eta pentsaera burges-liberalarekin ere». Udaleko web orrian eskuragai dago berdintasuna/oroimen historikoaren berreskurapena atalean.

‘Hernaniko emakumeen papera lan munduan: argazkietan oinarritutako azterketa’

1. Ikerketa gaia
Ikerketarako gaia honakoa izango da: Hernaniko emakumeen papera lan esparruan argazkien azterketa bidez. Historian zehar emakumeek lan esparruan egindako lana azaleratzea da aurtengo bekaren helburua. Horretarako, 1975. urtera arteko argazkiak bildu eta hauen gainean egin beharko da ikerlana, beti ere kontuan izanik Hernaniko errealitatea erakutsi behar duela azterlanak.

2. Ikerketaren subjektua.
Bekara bakarka edo taldean aurkez daiteke, eta ikuspegia diziplina ani­tzekoa izan dezakete (historia, ekonomia, antropologia, soziologia, giza zientziak, filosofia, arte ederrak, argazkigintza, etab.).

3. Bekara aurkeztu beharreko dokumentuak
Bekaren eskaera egiteko bi txosten aurkeztuko dira:
a. Lan proiektua: bekara aurkeztu ahal izateko, parte-hartzaileek 15 orrialde edo gutxiagoko lanproiektua aurkeztu behar dute, non zehaztuko den izenburua, ikergai zehatza, ikergaiaren testuinguru teorikoa, helburuak, lan metodologia, kronograma, baliabideak eta bibliografia.
b. Gutun azal itxi batean, lan proiektuaren izenburua, bekaren eskatzaile guztien kontaktu datuak, NA-ren fotokopia, eskatzaileen curriculumak eta bertan ageri diren merituak zuri­tzeko dokumentazioak aurkeztu beharko diira.

4. Eskaera egitea
Eskaera 2011ko apirilaren 29a baino lehen Hernaniko Udaleko Erregistro Orokorrean egin beharko da ´Hernaniko emakumeen papera lan munduan: argazkietan oinarritutako azterketa` Ikerketa Beka ezartzen duen gutunazal edo karpeta batean aurkeztuz eskatutako dokumentuak.

5. Hizkuntza
Proiektuak eta lanak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aurkeztu ahal izango dira, eta ikerketa egiteko ere bi hizkuntzetako bat aukeratu ahal izango da.

6. Epaimahaia
Proiektua hautatuko duen epaimahaia honela eratuko da: Politika So­zialeko delegatua, Berdintasun teknikaria, historian aditu bat, generoa eta argazki gaietan aditu bat eta Her­naniko Berdintasun Kontseiluko bi ordezkari.

7. Ikerketaren iraupena
Aukeratutako proiektua lehiaketa egin ondorengo hilabeteetan hasi beharko da, eta ikerketaren azken txostena, 12 hilabete igarota aurkeztu beharko da.

8. Finantzaketa
Bekaren kopuru ekonomikoa 7.000 eurokoa izango da eta hiru zatitan ba­­natuko da: %30a proiektua hautatutakoan, % 30a sei-hilabetera, eta %40a azken txostena aurkeztu eta epaimahaiak oniritzia ematen duenean.

9. Jarraipen bilerak
Hernaniko Udalak nahitaezko tutore­tza ordu batzuk ezarriko ditu, ikerketaren jarraipena egiteko.

10. Publikazioa
Lanek argitaragabeak izan beharko dute. Berdintasun Arlo­ak saritutako lana –osorik edo zati batean– argitaratzeko, edo aurkeztutako proiektuak egoki baloratuak izango ez liratekeen kasuan, beka eman gabe uzteko eskubidea du.

11. Jabetza Intelektuala.
Apirilaren 12ko 1/1996 Erret Dekretu Legegileak, Jabetza Intelektualaren Testu Bateginak ezarritakoa aplikatuko da.

12. Hautatuak izan ez diren proiektuak jasotzea
Beka jaso ez duen proiektua, egileak berak edo baimendutako pertsonaren bidez, 2011ko maiatzaren 31tik aurrera jaso ahal izango du Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloko bulegoan.

13. Oinarriak onartzea
Beka honetara aurkezteak oinarri hauek guztiak onartzen direla esan nahi du. Oinarri hauetan aurreikusi gabeko edozein egoeraren aurrean, Epaimahaiak erabakiko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!