Herritar batzuk kontzentrazioa egingo dute, bihar, 19:00etan Plaza Berrin, Animalien Udal Ordenantza aldatzearen kontra, eta dei egin diete herritar guztiei bertara azaltzeko, protesta modura. Hernaniko Udalak bihar erabakiko du Plenoan (18:00etan), Animalien Ordenantzari egindako alegazioak onartu edo ez. Alegazioak egin dituzten herritarrek deitu dute kontzentrazioa.
Zakur kakak analizatzeko ADN proba
Animalien Ordenantza aldatu nahi du Udalak, eta punturik garrantzitsuena da, zakur kakak analizatzeko ADN proba egingo duela. Proba egin ahal izateko, txakur jabe guztiek aldez aurretik ADN proba egin beharko diote txakurrari, eta informazio hori Udalari pasa beharko dio. Udalak datu basea osatuko du, eta ondoren, zakur kakak analizatuta, isuna jarriko zaio zakur-jabeari.
«536 firma bildu ditugu, eta oposizioa alde dugu»
Zenbait herritar ez dago batere ados Udalak proposatu dituen neurri horiekin. Alegazioak egin dizkiote Udalari, eta 536 firma bildu dituzte. Alegazio horiek onartu edo ez, biharko Plenoak erabakiko du.
Lau alegazio aurkeztu dira:
«1-ADNarena ez da oso errealista.
»2-Erabat injustua da. Arrazoi askogatik. Administrazioaren ideia bat diru pribatuarekin subentzionatuko da. ADN proba bat egin behar zaie zakurrei. Nola dakite zenbat zakur dauden Hernanin? Fitxatuta dauden zakurrak bakarrik kontrolatuko dituzte, txipa daukatenak. Beraz, ondoren harrapatuko dituzten kakak ere fitxatutako txakur horienak bakarrik izango dira. Eta kanpoko zakurren bat bada? Eta txipa ez daukan txakurren batena bada?
»3-Kostu haundia izango du. ADN proba egin eta gero, asko izango dira identifikatu ezin diren kakak. Hori herriak ordainduko du, eta ez da diru gutxi izango.
»4-Arrazoi legalak, 63-1993 Legea, zientifikoek jasoko al dituzte muestrak? Zakur-kaka beste zakur baten pixarekin ‘kontaminatuta’ egon liteke...»
Horregatik, herritar talde honek eskatzen du, Ordenantza zaharrarekin jarraitzeko, Udaltzainek kontrola zorrozteko, eta zakur kakak botatzeko ontzi bereziak jartzeko.