1986: Hernani eta Lasarteren dibortzioa

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 27a, 01:00

Ekhi Zubiria Etxeberria
1986. urtea zen. Lasarte eta Oria, Hernani eta Urnietako lurretan zabaldutako auzoak ziren oraindik, baina ordurako, azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak nabariak ziren. 60. hamarkadatik au­rre­ra Lasartek biztanlerian gorakada handia jasan zuen, inmigrazioa zela medio. Mi­chelin enpresa frantsesak hartua zuen inguruko protagonismo industriala, langile ugari bilduz. Gainera, Donos­tiarekiko gertutasuna ere tarteko zela, auzoaren zabaltzea izugarria izan zen. Auzoa handitzearen poderioz, pixkanaka Oriare­kin elkartzeraino ailegatu zen eta 80. hamarkadarako bi eremuen artean 18.000 biztanle osatzen zituzten. Geroz eta independenteago jokatzen zuen auzoak, eta 1986ko apirilaren 15ean iritsi zen ofizialki Hernani, An­doain eta Urnietarekiko desanexioa; Lasarte-Oria herriaren sorrera. 80ko hamarkadaren hasieretan sortu ziren estreinakoz, herri izaera bultzatzen zuten mugimenduak. Komisio bat osatu zuten lasartearrek urte horietan, eta talde horrek gidatu zuen prozesua. Herri kontsulta bat egin zen 1985eko martxoaren 3an, eta urte bereko azaroaren 16an Her­naniko udaletxean burututako plenoan onartu egin zen Lasarte auzoaren bereizketa. «Lasartetik urrun geratzen zen Hernaniko herria, eta ez zegoen harreman handirik bien artean. Komunikazio es­kasa zegoen, eta joan etorrirako zailtasunak sortzen ziren. Geroz eta independenteago jokatzen zuen Lasartek» aipatu digu Rikardo Mendiola Hernaniko orduko alkateak. Herri sentitzen hasiak ziren lasartearrak, eta Hernanire­ki­ko lotura, administratiboa bakarrik zen. Beraz, Herna­nik ere ez zuen arazo haundirik ikusi banatzeko. Hori ho­rrela, Lasarteren eremua mar­katzen zuten mugarriak aztertu eta banaketa hasi zen. Mugak jartzeak ez omen zuen lan handia suposatu, mu­garri gehienak beren le­kuetan bai­tzeuden, eta orokorrean garbi baitzegoen zer zen Lasarte. Arazoa ordea, kanposantuarekin egon zen, Lasarten bertan ez baitzegoen horrelakorik, eta Hernaniko lur zati bat hartu nahi izan zuten, hilerria bertan egiteko. 1986an Hernani 31.000 biztanle inguruko herria zen. Bereizketarekin, gutxi gora behera, biztanleen hirutik bat pasa zen lasartear izatera, eta honek ere arazo bat eragin zuen udaleko langileengan. Hernaniko udaletxean, biztanleriarekin bezala jokatzea erabaki zen, hau da, heren bat lasartear izatera pasa bazen, udaleko pertsonalaren heren batek Lasarteko udaleko langile izatera pasa beharko zuen.

Kanposantua

Bereizketak izan zuen gai sen­tsibleenetako bat zen hau. Lasartearrek Hernaniko lur zati bat hartu nahi zuten hilerria egiteko, eta nahiz eta zati txikia izan, Hernaniren terrenoak omen ziren. Gainera, inguruko baserritarrek ez omen zuten hilerririk nahi etxe ondoan. Hasieran haserre handiak egon zirela esan digu Ri­kardo Mendiolak. «Baserri­tar batek saldu zituen bere lurrak bertan kanposantua egi­teko, baina inguruko beste bizilagun gehienak ez zeuden ados proiek­tuarekin. Gai ho­nen in­guruan egindako pleno batzuetan tentsioa nabaria izan zen». Ezin zen edonolako kanposantua egin, eta eredu desberdinak begiratzen aritu ziren. Suediako edota Fin­landiako hilerri motak ikusten ibili zen udala garai horretan. Ahalik eta gutxien nabarmendu behar zen, eta beraz, ezin zen inola ere pentsatu pan­teoiak jartzea (gaur egun daudenak jada lasartearrek geroago jarritakoak dira). De­na lurraren altueran jarri beharra zegoen, landareekin eta abar disimulatuz, baserritarrekin zeuden liskarrak baretu nahi baziren. Gora­be­he­ra handiak izan ziren puntu honen inguruan, baina azkenean nahiko txukun uztea lortu zela dirudi.

Udaleko pertsonala

Esan bezala, biztanleriaren he­ren bat lasartear izatera pasa­tzearekin batera, udaleko per­tsonalaren herena ere Lasar­teko udalera pasatzea erabaki zen. Arazoa hor sortu zen. Zein joango zen Lasartera? «Kasu batzuetan erraz mol­­datu zen kontua. Lasar­tekoak zirenak edo Herna­nirekiko lotura gutxi zutenak erraz joan ziren Lasarteko udalera» ja­rrai­tu du esaten Mendiolak. Bes­te kasu batzuk ordea ez ziren hain samurrak izan. Sail batzuetatik inork ez zuen Lasartera joan nahi, eta beraz tira-birak piztu ziren. Desanexioarekin sortu ziren bi aldeen iritzia ezagutzeko, 1986an alkate zen Rikardo Mendiolarekin eta Hernani eta Lasarte arteko mugan bizi den Agustina Urruzolarekin hitz egin dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!