Hernaniar guztientzako parkea

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 26a, 01:00

Atzo inauguratu zuten Ave Maria parkea, 32.000 metro karratuko gune berdea, Hernaniko zentroan.

Paseatzeko eta egoteko leku atsegin, eta zabala da Ave Maria parkea. 32.000 metro karratuko parke berdea da, Hernaniko parke nagusia, eta atzotik irekita dago jendearentzako. Herritar guztiek parkea erabili ahal izan dezaten, mugitzeko arazoak dituztenentzat egokitu dute parkea, eta lan horretan ahalegin haundia egin dute, Udalak eta parkeko teknikoek eta herriko Koxka elkarteak. Atzo egin zuten inaugurazioa, eta bertan izan ziren Marian Beitialarrangoitia A­l­ka­tea, Unai Erroitzenea Zer­bi­tzu Publikoetako Zinegotzia, eta Jose Luis Loinaz arkitektoa eta obra zuzendaria.

Egitura nagusia mantendu
Ave Maria parkea erabat berritu dute, baina lehengo egitura nagusia mantendu egin diote. Lorategiak egitura ingelesa dauka, lehen bezala, eta zuhai­tzak eta landare baliotsuenak mantendu egin dituzte. Etxea ere berritu dute, eta errespetatu egin dute bere itxura. Latsunbe auzotik sarrera berria egin diote parkeari; estali gabeko igerilekurako bidea ere egin dute, oinezkoentzat egokitua; euri ura bil­tzeko ur-tanga bat egin da; aisialdirako elementu berriak jarri dira. Lasai egoteko aulki eta mahaiak ez dira falta, eta paseatzeko nahikoa bide ere badago, Ave Maria berrituan.

Egokitua, herritar guztientzat
Mugikortasun arazoak dituztenei egokitu zaie Ave Maria parkea. Hasierako proiektutik aldaketa dezente egin dituzte, helburu hori lortzeko. Hauek nagusienak: bideen pendiza %6koa da, gurpildun aulkiak ibili ahal izateko. Braille hizkuntzan jarri dituzte panelak, parkeko azalpenak itsuek ere irakurri ditzaten. Parkeko bide guztiek arrasto bat daukate, gia moduko bat, itsuek paseatu ahal izan dezaten. Azkenik, jolas parkea ere egokitu egin dute, mugitzeko arazoak di­tuzten haurrek ere jolastu ahal izan dezaten.

Hiru parke, bata bestearekin lotuta
Lanak bukatuta dau­­de, eta soilik sarrera bat bukatzea falta dute, Marieluts eta Antziola lotzen dituen bidera ematen duena, igerileku irekietara, hain zuzen. Hori bukatzean, beste bi parkerekin lotuta geratuko da Ave Maria: Nere Borda eta Mendi-Men­diyan parkeekin, hain zuzen ere. Hiruren artean ia 10 hektareako parkea osatuko dute, herri barruan; Gipuz­koan da­goen hiri-parkerik haundienetakoa izango du Hernanik, beraz, epe motzean.

Aurrekontua, milioi euro
Ave Mariako obra bi enpresek egin dute, Ollokiegi eta Mal­dadia enpresek, hain zuzen, eta milioi bat euro kosta da. Obra Espainiako Gobernuak ordaindu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!