«Dortsal bat jarriz gero, denak konpetitibo bihurtzen gara»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 26a, 01:00

«AIZKORRIN disfrutatzera aterako gara; lasaiago, eta gozatzera. Asmoa hori da behintzat. Egia da, gero, dor­tsala jazten dugunean, de­nak konpetitibo bihurtzen ga­re­la, eta gu biok ere bai», dio Zigor Itu­rrie­tak, parrez. Santamariak ez du ezezkorik esan. Itu­rrie­ta eta Santa­ma­ria onentsuenen artean da­biltza mendi lasterketetan, eta gutxi edo gehiago, begiz jota dituzte aur­ten egingo dituzten ka­rre­rak: Iturrietak 15 bat egingo omen ditu, eta Santa­m­a­riak 12 inguru.  

Zigor Iturrieta, North Face-k patrozinatuta
Indartsu hasi du denboraldia Zigor Iturrietak, Gran Cana­riako UltraTraila irabazi bai­tu, 123 km-koa, joan den astean. Iturrieta Hernanin bizi da, eta harro dio Eubakoa dela, denak zornotzarra dela dioten arren. «Hemen Ereñotzu bezala, han Euba daukagu».
Karrera luzeetan bikain ibiltzen da bizkaitarra, eta aurten North Face-k patrozinatu dituen 4 europearretako bat da. Iaz urte bikaina egin zuen, Mont Blanc-eko Ultra Trailean hirugarren postua lortu zuen, besteak beste.
Aurten 4 lasterketa luze begiz jota zituen. Lehenengoa irabazi egin du, Gran Canariakoa, eta gainerako hirurak ere topera disputatuko omen ditu: Lavaredokoa (Dolomitak, 90 km); Mont Blanc-ekoa (Alpeak, 166 km); eta La Diagonale des Fous (Isla Reunion, 163 km). Azken horrek Eroen diagonala, deskribitu lezake, kirolari horiek egiten duten esfortzua. 20-24 orduz egiten baitute korrika, mendian.
Lau proba nagusi horiez gain, beste 10 bat proba mo­tzago ere egingo omen ditu Itu­rrietak. «Preparaziorako be­­harrezkoa da konpetizioko karrera batzuk egitea. Eta ho­rre­gatik aterako naiz Aiz­ko­rrikoan, eta agian Ada­rra­koan ere bai, datorren astean».

Unai Santamaria, poliki hasi eta indartsu bukatu

Orion hasiko du denboraldia Unai Santamaria hernaniarrak. Iaz Euskadiko Kopan bi­garren postua lortu zuen. Aur­ten Kopako karrerak ez zaizkio hain egoki tokatu, eta beste helburu batzuk jarri ditu.
Karrera motzagoak eta az­ka­rragoak komeni zaizkio San­­tamariari, «korrika asko egin litekeenak». Udaberrian sei bat korrituko ditu, eta udaz­kenean beste batzuk. Udan lasaiago ibiliko omen da. Denboraldia lasai hasi eta indartsu bukatu ohi du hernaniarrak, karrerak bezalaxe. «La­sai ateratzea gustatzen zait karreretan ere. Lasai hasi, eta pixkanaka ahal dena mejora­tzen joan».
Oraingoz begiz joak di­tuen karrerak: Orio, Arra­tzu, Zegama, Bera, Lakuntza (iaz irabazi egin zuen), Irun, Orrea­­ga, Sorginen lasterketa...    

Ereñotzun, ekainean

Aurten lehenengo aldiz egingo da Hernanin mendi lasterketa bat. Ereñotzu-Oindi lasterketak 12,7 km izango ditu, eta ekainaren 5ean egingo dute. Iturrietak eta Santama­riak oraindik ez dakite lasterketan izango diren, baina poz­garria dela diote, mugimendu hori herrian sortzea. 

Pultsometroa, GPS eta guzti
Aurrerapenak iritsi dira men­di lasterketen mundura ere. Azkena, GPS eta guztiko pul­tsometroa. Entrenamendu eta karreretan ibiltzen dute, eta bataz bestekoak atera­tzeko primerako inbentoa dela diote. Hori gabe, «galduta» ibiliko lirateke, Santa­ma­­riaren esanetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!