CHILLIDA-Leku museoak ateak itxi ditu, eta badirudi denbora dezente pasako dela berriz irekitzerako. Joan den ostiralean Chillida familiak adierazi zuen negoziazioak utziko zituela, eta Chillida-Leku berriz pribatu izatera pasako dela. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak euren ezustea azaldu zuten atzo, ez zutelako espero Chillida familiak negoziazioak uzterik.
Irtenbide bat bilatzea zaila izango da epe motzean, eta bitartean, museoa itxi egingo diote publikoari. Ikerlari eta interesatuek aukera izango dute Chillidaren lana aztertzeko.
Jaurlaritza eta Diputazioa harrituta
Chillida-Lekuk arazo ekonomikoak zituela adierazi zuen joan den urte bukaeran, eta museoa itxi egin zuten, erremedio bat bilatu bitartean. Ordutik, irtenbide bat bilatu nahian ari ziren museoa, Jaurlaritza eta Diputazioa, eta joan den astean Chillida familiak adierazi zuen negoziazioak utziko zituela. Erabakiak Jaurlaritza eta Diputazioa ustekabean harrapatu dituela adierazi zuten, atzo, prentsaurrean, Blanca Urgell Kultura Jaurlaritzako Sailburuak eta Maria Jesus Aranburu Diputazioko Kultur Diputatuak.
«Museoak Chillidaren lanean zentratu behar du»
Chillida familiak adierazi zuenez, gauza batzuk ez dituzte berdin ikusten negoziazioetan ari ziren hiru aldeek. «Guk uste dugu, museo honek Chillidaren obran zentratu behar duela, alegia, museo monografikoa izan behar duela. Aitak ere hala nahi zuen, eta guk hala ikusten dugu. Instituzioek dudan jartzen dute, horrek horrela behar duela. Horrez gain, guk beto eskubidea eskatzen dugu (kalitatezko botoa), soilik, obrari dagozkion gaietan eta Chillidaren irudiari dagozkion gaietan».
«Ez dugu dudan jartzen, museo monografiko izatea»
Urgell eta Aranburuk adierazi zutenez, Administrazioek ez dute inoiz dudan jarri, Chillida-Lekuren funtsa Chillidaren obra dela.
Bi arduradunek adierazi dute, arazoa beste bat izan litekeela. «Familiak beto eskubidea eskatzen du, eta guk hori ez dugu horrela ikusten. Museoak Administrazioaren eskuetara pasa behar badu, familiak ez luke behar beto eskubiderik. Guk, horren ordez, batzorde berezi bat proposatu dugu, arazoak sortzen direnerako. Batzorde horretan bai, familiak ere partea izango luke».
Diru kopurua arazo?
Aranburuk eta Urgellek adierazi zutenez, Chillida familiari diru kopuru bat eskaini zien, museoa erosteko (80 miloi euro aipatu zituen prentsak, joan den hilean). Bi arduradunen ustez, diru kopurua izan liteke arazoetako bat, familiak halakorik aipatu ez badu ere. «Guk ez dugu deskartatzen hipotesi hori. Beraiek ez dute aipatu ere egin dirurik, baina guk uste dugu hori izan litekeela arrazoietako bat, familiak negoziazioak uzteko».
Langileak minduta
Chillida-Lekuko langileek euren mina adierazi zuten joan den astean, hiru aldeak ez dutelako irtenbiderik bilatu. Beraien ustez ere, Chillida-Leku museoak Chillidaren obran zentratua behar zuen, eta beraiek ahalegin guztiak egin dituzte, museoak aurrera segi zezan. «Chillidaren lana barneratu egin dugu, eta barru barrutik bizitu dugu. Espero dugu, egin beharrekoa egingo dutela, noizbait berriz publikoari irekitzeko. Gutako inork ez du Chillida abizenik, eta lanpostua geure merituz lortu dugu. Orain 19 langileak kalean gaude, lanik gabe».
Hernaniko Udalak pena haundia adierazi du
Idurre Lucas Hernaniko Kultura Zinegotziak Kronikari adierazi dionez, pena haundia da Chillida-Leku itxi izana. Orain artean Chillida-Lekurekin Udalak izan duen harremana oso aberatsa izan dela adierazi du, eta saiatu direla Chillida hernaniarrei gerturatzen. «Elkarrekin egin ditugu ekitaldiak eta ekintzak, eta beti oso harrera ona egin digute museoan. Espero dugu, irtenbideren bat bilatzea, noizbait berriz Chillida-Leku irekitzeko».