«Aparkalekuen arazoa konpondu bitartean, espaloi gainean aparkatzen uzteko eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 26a, 01:00

Egun gutxi dira Lizeaga au­zoko espaloi gainean piboteak jarri dituela Udalak, bertan kotxeak aparkatzea galaraz­teko. Lizeagako biz­ilagunak ez daude ados erabaki horrekin eta etor­kizunerako Udalak aurreikusi dituenekin, eta beraien keja adierazteko prentsa oharra bidali dute Hernaniko Kro­nikara.
Oharrean, lehenik eta behin, Lizeagako bizilagunek aparkatzeko duten arazoa gogoratu dute, eta ondoren diote, hori konpontzeko neurriak hartu izan balira, ados egongo liratekeela jarri dituzten piboteekin: «neu­rriarekin ados egon gintezke,  beti ere, martxan jarri aurretik konpondu izan balute auzoan bizi garenok aparkatzeko dugun arazoa».

«Paradorean aparkatzea ez da alternatiba»
Bizilagunek diote, Paradorea zenaren parkinean aparka­tzeko esan dietela, baina parkinaren egoera ez dela egokia: «parkinean ez dago behar adina argi, eta gauero kotxeak txikitzen dituzte, bigilantzia eskasa baita».

Erdiguneko gune urdinaren ondorioz, jendeak Lizeagan aparkatuko du
Izpizua kalean jartzekoak diren gune urdinaren  on­dorioz, kotxeak Lizeagan aparkatzen hasiko direla ere, azaldu dute oharrean: «gune urdinean or­dubetez izango da aparka­tzeko au­kera, eta kotxea denbora gehiago utzi nahi duen jende asko Li­zeagara eto­rriko da aparkatzera, ger­tutasu­nagatik»
Horrez gain, gaur egungo Urumeako aparkalekua ere desagertu egingo dela diote bizilagunek, «Udalak etxeak egitea aurreikusi du bertan».
Lizeagako urbanizazio be­­rriko proiektuan, aparka­leku batzuk desagertzea ere aurreikusten dela diote. Hain zuzen horregatik, eta aurreko guztiagatik, eskatu dute aparkalekuen arazoa konpondu bitartean piboteak kendu, eta  espaloi gainean aparkatzen uzteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!