Huarte eta Zazpi Iturri gaur, Berriako final haundian

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 25a, 01:00

Hamaika jardunaldietako kanporaketa partiduen ostean, iritsi da egun haundia: Berria Txapelketako finala. Gaur, ostirala, Hernaniko pelotalekuan, 19:00etatik aurrera, goi mailako pelota ikusteko aukera izango da: Huarte eta Zazpi Iturri taldeak izango dira aurrez aurre, hiru kategoriatan, helburu bererarekin, txapela janztea. Bi taldeak aurretik ere txapelketa honetako finala jokatutakoak dira, eta txapela irabazitakoak ere bai; Amezketako taldeak 2004­ean irabazi zuen txapelketa, eta Huartek urtebete beranduago, 2005ean. Gaurko neurketaren ostean, palmaresean duten garaipen berdinketa puskatu, eta bietako batek Galdakaoko Adiskide taldea berdinduko du, bi txapelekin.

Kadeteetan, Amezketako Altuna eta Irribarria dira faboritoak
Adituen arabera, kadete mailan, Amezketako Zazpi Iturri bikotea da faboritoa: Irribarria eta Altuna. Irribarria atzelari segurua da, partiduetan gaina hartzen duen horietakoa; eta Altuna errematatzaile haundia da. Hala ere, Huarteko bikotea, Larunbe eta Goñik osatutakoa, ez da kikiltzen den horietakoa. Larunbek erraztasun haundiarekin jokatzen du aurreko koadroetan, eta Goñik pelota gutxi galtzen ditu. Hortaz, Amezketako bikoteak, faborito izan arren, duen guztia eman beharko du finaleko aurreneko puntua lortzeko.

Jubeniletan, atzean erabakiko da partidua
Jubeniletan ere bikote gipuzkoarra da irabazteko faboritoa, eta partidua atzelarien jokoaren arabera erabakiko dela aurreikusten dute adituek. Zazpi Iturrirekin Gallurralde eta Jakak jokatuko dute: Jaka atzelari elegantea da, golpe haundia duena; eta Gallurralderen armarik baliotsuena sakea da. Bikote nafarra berriz, Zestau eta Minak osatzen dute, eta kasu honetan, partidua atzelariaren esku egotea aurreikusten da. Gorputz sendoko pelotaria da Mina, eta peloteoan tantu gutxi galtzen dituen horietakoa.

Seniorretan, goi mailako bi bikote: partidu berdindua
Seniorretan, Huarte taldean Yoldi eta Linzoainek jokatuko dute, kategoriako bikote onenak. Aurrean berriz, ex­profesionalak diren Arzelus eta Garmendia izango dituzte. Hortaz, goi mailako lau pelotari izaki, partidua oso berdindua izatea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!