HERNANIKO errugbia zorteko dago: senior mailan, nesken taldea izango dute datorren urtetik aurrera. Taldea sortu, jokalariak elkartu, lizentziak egin, ekipamentuak eta patrozinadorea lortu... lan haundia dute egiteko, baina ilusioa eta gogoa ez dute falta. 18 lagunek interesa azaldu dute, dagoeneko. Hernaniko Kronika Maider Garmendia eta Nere Granadosekin bildu da, senior taldeko arduradunekin, eta baita Juanito Rodriguez presidentearekin ere, sorreraren berri gehiago jakin asmoz.
18 lagun animatu dira, dagoeneko
Ideia betidanik ibili dute buruan, eta ingurukoei esan ere, askotan esan omen diote; baina «serio», San Joan jaietan hitz egin omen zuten. Nerea Granadosek eta Maider Garmendiak nesken taldea sortzeko gogoa eta ilusioa errealitate bihurtu nahi zuten, eta Joxe eta Juanitoren babes osoa izan dute. Hernanik ez du sekula nesken talderik izan, eta berria zabaldu eta deialdia egin aurretik, «gauzak ondo» egin nahi izan dituzte.
Nolako taldea, zein helburu, nola sortu eta beste hainbat oinarri zehazteko bilerak egin dituzte. Deialdi «txiki bat» ere egin dute, batez ere ahoz aho eta sare sozialak erabiliz: «Erantzuna oso ona izan da. Apenas ezer egin gabe, 18 lagun inguruk azaldu dute taldeko kide izateko duten interesa. Batzuk hernaniarrak dira, beste batzuk kanpokoak. Kontuan izan behar da Gipuzkoan talde bakarra dagoela, Eibar, eta hemen inguruko askok, nahiago dute etxe ondoan geratu» dio Granadosek.
Esperientziarekin, edo gabe, guztiek dute lekua
Presidenteak azaldu duenez, taldearen helburua ez da konpetitzea, gozatzea baizik. Datorren urtean senior mailan ariko direla bakarrik dakite, ez zein kategoriatan, eta berdin zaie: «gure helburua ondo pasa, eta partiduak jokatzea da. Garaipenen bat lortuz gero, ongi etorria izango da». Azpimarratu duenez, horregatik hain zuzen, taldean, errugbian jokatu nahi duen guztiak izango du lekua: «esperientzia izan edo ez izan, berdin dio; taldean denetatik egongo da».
Entrenamenduak, apirilean
Bi ardurandunek dei egin nahi die hernaniarrei eta inguruko herrietako neskei errugbia ezagutzera. Deialdia datorren ostegunean egin dute, 19:00etan, Errugbi elkartean. Bertan, taldearen nondik norakoak jakin, eta kirolarekin lehenengo kontaktua izango dute bertaratutakoek. Entrenamenduak berriz, ostegunetan izango dira, apirilean hasi eta datozen bi hilabetetan.
Mahaingurua, maiatzean
Maiatzean berriz, mahaingurua antolatuko dute, emakumea eta kirolaren mundua ezagutarazteko, bai herritarrei, eta baita taldeko kideei ere. yy