150 urte ez dira berehala betetzen, eta ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu ditu Musika Bandak, urtean zehar egingo direnak. Oraingo honetan, urte guzti horietako ibilbidea herritarrei erakusteko asmotan, argazki erakusketa jarri dute. Gaur inauguratuko dute Biterin, eta apirilaren 6ra arte egongo da ikusgai; astez, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.
Lau ataletan banatuta
Erakusketa lau ataletan banatu dute. Batetik, 150 argazkirekin ikus-entzunezko muntaia egin dute, eta erakusketara hurbiltzen diren guztientzat eserlekuak jarri dituzte. Muntaia etengabe eskainiko da.
Bigarren atala uniformeen ingurukoa da; Musika Bandak azken 60 urteetan erabilitako uniformeen erakusketa jarriko dute, eta horretarako manikiak jantziko dituzte.
Hirugarren atalean Musika Bandaren historia kontatuko dute, aldez aurretik aukeratutako 34 argazkirekin.
Eta azkenik, laugarren atalean, urte hauetan Bandan erabilitako musika tresnak ikusteko aukera izango da.
Musika Bandako kideek azaldu dutenez, erakusketak iraun bitartean, beti izango da Bandako norbait bertan, inguratzen direnei azalpenak emateko.