14 kilometroak zabalik, Donostiatik Andoaineraino

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 23a, 01:00

URUMEAKO autobia zabalik dago bere osotasunean, atzo arratsaldetik. Andoain­go sahies­bideko azken tramoa, falta ziren 2,2 kilometroak, inauguratu zuten atzo eguerdian, eta arratsaldeko 14:00etan zabaldu zuten ibilgailuentzat. Hala, Donostiatik Andoainera, Urumeako autobiak dituen 14 kilometroak zabalik geratu ziren. Autobia eraikitzeak 230 milioi euroko kostua izan du. Hernaniko sahiesbidea izan zen eraiki eta zabaldu zen aurrenekoa, eta handik urte batzuetara, 2006tik aurrera, joan dira pixkanaka gainontzeko zatiak zabal­tzen: Astigarraga, Urnieta, Mar­tutene eta Loiola; azkena, Andoaingoa, atzo zabaldu zuten. Urumeako autobiaren helburuetako bat aipatutako herriguneetatik egunero ibil­tzen ziren ibilgailuak saihestea zen, eta atzo inaugurazioan azaldu zutenez, lortu da. Inauguratu berri duten tramo honi esker, Andoaindik egunero pasatzen ziren 13.000 ibilgailuak bariantetik ibiliko dira orain; hau da, %75a: «prozesu hau hala izan da gainontzeko tramoak inauguratu ditugunean ere. Pasoko trafikoa izugarri jaitsi da, eta horrek eragin haundia du herri horietako bizilagunen bizi kalitatean».


Andoaingo zatiak bat egiten du N1 errepidearekin
Donostia eta Andoain lotzeaz gain, Urumeako autobiak baditu beste lotura-funtzio batzuk. Batetik, Donostiako bigarren zinturoiarekin du lotura. Eta bestetik, atzotik aurrera, N1 errepidearekin. Autobiak Andoaingo errepidean egiten du lotura, eta orain, A15 errepidera joateko alternatiba ere bihurtu da.


Hernaniko bikoizte lanak falta, autobia bukatutzat emateko
Hernaniko sahiesbidea obretan dago, egungo bi karrilak laura pasatzeko. Hain zuzen, obra hauek bukatzen direnean egongo da gutiz eraikia Urumeako autobia. Dipu­tazioak aurreikusten duenez, bikoizte lanak 2013rako bukatuko dituzte.


ENEKO GOIA:
«Donostialdeak, Urumeak, indarra hartuko du»

Eneko Goiak, Bide Azpiegi­ture­tako Diputatuak azaldu zuenez, Urumeako autobiak Donostialdera eta Urumeara begira jarriko du Donostia eta Gipuzkoa: «autobia pieza be­rria izango da, garrantzi­tsua eta kapazitate haundikoa. He­men­dik aurrera aldaketak izan­go dira Donostial­dean, ba­loratu egingo da Urumea bailara».


MARKEL OLANO:
«Gipuzkoako errepide sistema irauli eta modernizatu dugu»

Markel Olano Diputatu Na­gu­siak azaldu zuenez, legealdi ho­netan planoak errealitate bi­hurtu ditu Diputazioak: «Gi­puz­koako errepide sistema al­da­tu, irauli dugu, eta horrek mo­­dernizazioa ekarriko du».

DATUAK:
KILOMETROAK:
14 kilometro
AURREKONTUA:
230 milioi euroko
6 SAHIESBIDE BERRI:
Loiolako bariantea
Martuteneko bariantea
Astigarragako bariantea
Hernaniko bariantea
Urnietako bariantea
DONOSTIARA SARRERA:
Amara eta Loiolatik
G1-40EKIN KONEXIOA:
Intxaurrondo-Martutene-Ospitaleak bariantea
2. ZINTUROIAREKIN
KONEXIOA:
Astigarragan
N1ekin LOTURA:
Andoainen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!